"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Batzuei kontrakoa irudituko bazaie ere, gutxi,oso gutxi hitz egiten da Espainiako Gerra Zibilean gertatutakoaz, oso liburu gutxi idatzi dira,oso film gutxi egin dira eta gaia normalean ez da elkarrizketetan azaltzen, askori gai honen inguruan jarduteak lotsa emanen balie bezala. Urte askotan zehar, bestalde, bazirudien nolabaiteko ituna zegoela gaia ez ateratzeko, balizko berradiskidetze baten mesedean edo, isilik egotea merezi zuela pentsatuko balitz bezala. Beldur horiek direla eta, galtzaileen memoria lurperaturik egon da urte luzeetan barrena, eta orain, batzuek gertatutakoa azaleratzeko ahaleginak egin dituztenean, argi eta garbi ikusi da nolako erreakzio bortitzak eragin dituzten saio hauek 1939an irabazi zutenengan edo haien ondorengoengan. Gauzak horrela, beren gurasoen edo aitona-amonen hezurrak hilobi duin batera eramateko berreskuratu nahi izan dituzten askok arazo handiei egin behar izan diete aurre, eta hori dagoeneko hirurogeita hamar urte baino gehiago pasa direla gerra bukatu zenetik. Panorama honetan eskertzekoa da hainbat elkarte egiten ari diren lana edo esate baterako Barricadako musikariak bezalako artistek orduko gertakari ilunei nolabaiteko argia eman nahian egindako saio interesgarriak.Eta, noski, baita pelikula hau ere.
Mikel Ruedak biktimarik ahulenak aukeratu ditu bere lehenengo luzemetraiaren protagonistatzat, emakumeak eta haurrak, eta haiekin batera preso zituzten mojak, kasu batzuetan borrerorik krudelena baino sadikoagoak izatera hel zitezkeenak. Eliza betidanik saiatu da bere burua zuritzen, baina gaur egun inork ezin du ukatu errepresio frankistan jokatu zuen papera. Salbuespenak salbuespen, apaiz asko sartu ziren betebetean errepresioan eta behin baino gehiagotan beren eskuz hil zituzten atxilotuak.
Frankismoaren azken urteetan mojen eta apaizen kolegioetan ikasi genuen askori ez zaigu hain arraroa egiten Mikel Ruedaren pelikulan agertzen diren serora gehienek erakusten duten erruki eza, beren sadismoa. Beharbada gaztexeago direnak eta urte haiek zuzenean ezagutu ez zituztenak harritu eginen dira. Aski da historia gainetik errepasatzea jakiteko Mikel Ruedaren lanean ez dagoela inolako gehiegikeriarik. Gainera, pelikula egiteko aukeratu duen aktore taldeak, Euskal Herrian aurkezpenik behar ez duten aktoreak hain zuzen ere,sinesgarritasuna ematen dio istorioari.
Oso errealitate gordina erakusten du Izarren argia honek, baina are gordinagoa izango zen ziur aski pelikulan agertzen ez dena, hau da, nola biziko ziren emakume eta haur haiek frankismoak iraun zuen ia berrogei urte luzeetan.Zirrara sortzen du horretan pentsatzeak.
M.B.