"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Pablo Trapero (San Justo, Buenos Aires, 1971) zuzendariak 1999an estreinatu zuen lehengo film luzea, Mundo grúa; harekin, Veneziako zinema jaialdian parte hartu zuen eta sari ugari irabazi zituen nazioartean. Urtebete geroago, Naikor erdimetrajea egin zuen eta Hubert Bals Fund funtsak sari bat eman zion. Aldi berean, El bonaerense bigarren film luzean hasi zen lanean eta Canneseko zinema jaialdian estreinatu zuen 2002an. Kritikariek zein publikoak oso harrera ona egin zioten. Urte horretan bertan Matanza Cine ekoizpen enpresa sortu zuen.
2003an Enrique Bellanderen Ciudad de María dokumentala ekoitzi zuen, Jan Vrijman Fund fundazioaren laguntzarekin; Sarasa telefilme dokumentala zuzendu eta ekoitzi zuen; eta Raúl Perroneren La mecha koproduzitu eta estreinatu zuen. Azken lan hau, gainera, Donostia Zinemaldian izan zen.
2004an Veneziako zinema jaialdira itzuli zen bere hirugarren filmarekin: Familia rodante. 2005ean Albertina Carri zuzendari argentinarraren Géminis filma ekoitzi zuen; film horrek berak Buenos Aireseko zinema jaialdia itxi zuen eta Cannesen egin zuen nazioarterako jauzia. Geroago, Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean lehiatu zen.
Aldi berean, bi koprodukzio egin zituen Latinoamerikarekin: Alex Bowen zuzendariaren Mi mejor enemigo (Txile-Argentina-Espainiaren arteko koprodukzioa); eta Fernando Vargas Villazón zuzendariaren Dí buen día a papá (Bolivia-Kuba-Argentinaren arteko koprodukzioa).
2006an zuzendari gisa eginiko bere laugarren film luzea, Nacido y criado, estreinatu zuen, Erromako zinema jaialdian izan zen, eta Philip Coxek eta Valeria Mapelmanek zuzenduriko Mbya, tierra en rojo lanean parte hartu zuen (Argentinaren eta Erresuma Batuaren koprodukzioa) eta kritika bikainak jaso zituen.
2007an Intersecciones telefilm dokumentala egin zuen hainbat kartzelatan; Albertina Carri zuzendariaren La rabia ekoitzi zuen, Berlinen estreinatu zuten eta 2008an Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean izan zen; eta, gainera, zuzendari gisa eginiko bosgarren filma aurkeztu zuen, Leonera. Azken film hau 2008ko Canneseko jaialdiko Sail Ofizialean estreinatu zuten eta Donostia Zinemaldiaren Horizontes Latinos sailean izan zen, 2008an. 2010eko urtarrilean Excursiones aurkeztu eta koproduzitu zuen; Ezequiel Acuñak zuzendutako hirugarren lana da hori.
Carancho, zuzendari gisa eginiko seigarren filma, Canneseko azken jaialdiko Sail Ofizialean izan zen eta 2010ean Argentinako zinema-aretoetan gehien ikusitako filma da. Azken lan hau Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Perlak atalean izango dugu ikusgai. Laster, Gabriel Medinaren bigarren film luzea, El punto oscuro; Guillermo Pfeningen opera prima Caito eta Santiago Palavecinoren Tarde filmak ekoitziko ditu. Gainera, bere hurrengo filma prestatzen ari da.