Guztira, hamabi herrialdetako hamalau zentrotako hamalau film labur hautatu dituzte Zinema Ikasleen Nazioarteko IX. Topaketan parte har dezaten. Honako herrialde hauetakoak dira, hain zuzen ere: Alemania, Argentina, Kolonbia, Kuba, Txile, AEB, Espainia, Finlandia, Israel, Polonia, Erresuma Batua eta Singapur. Mundu osoko 24 herrialdetako 59 zinema eskolak eman dute izena aurten Zinema Ikasleen Nazioarteko IX. Topaketan parte hartzeko. Esandako topaketa bederatzigarren urtez jarraian egingo da Donostia Zinemaldian.
Zinema Ikasleen Nazioarteko IX. Topaketa irailaren 22an, 23an eta 24an izango da. Zinemagile gazteei profesionalizatzen laguntzeko asmoz, hautatutako film laburrak (gehienak ikasketa bukaerako proiektuak) jendaurrean eta Zinemaldira gonbidatutako profesionalen aurrean emango dira, giro ezin hobean. Zinema ikasleek, irakasleek eta profesionalek hainbat gai komentatu eta aztertuko dituzte, besteak beste, sormenari, ikus-entzunezko industriaren funtzionamenduari, joera berriei eta ordezkatutako eskoletako planteamendu pedagogikoei buruzkoak.
Epaimahai berezi batek, topaketan parte hartuko duten eskoletako ikasleez osatutakoak, eta aurten Danis Tanociv zuzendaria buru izango duenak, Panavision sariaren irabazlea aukeratuko du. Azken horrek bi sariren artean aukeratu ahalko du: lau astez filmatzeko Sony EX III kameraren lagapena edo Panavision materiala alokatzeko 10.000 euroko mailegua. Saria hautatutako film laburraren zuzendariari emango zaio. Epaimahaiak, horrez gain, hiru zuzendariren izenak hautatuko ditu, datorren Cannesko zinema jaialdian film laburrei zuzendutako Cannesko Merkatuko Short Film Corner lehiaketan haien obrekin parte hartzeko aukera izan dezaten.
MASTERCLASS
Topaketaren programa masterclass jardunaldi batek osatuko du; irailaren 22an, asteazkenez, emango dute, eta ikus-entzunezko industriaren joera berriak izango ditu ardatz; zehatzago esateko, aurten transmedia narratibari eta 3D zinemari buruzkoa izango da:
1. Transmedia hitzaldia:
Transmedia narratibei buruzko masterclassaren helburu nagusia istorioak kontatzeko modu berri bat ezagutaraztea, ikus-entzunezko ekoizpena, aisialdia eta entretenimendu digitalean iraultza eragin duena. Hainbat euskarri eta baliabidetan (ikus-entzunezkoak, jokoak, webguneak, komikiak, plataforma mugikorrak edo esperientzia errealak) hedatuz eta dibertsifikatuz doazen istorioak. Proiektu horiek narrazio unibertso desberdinak sortzen dituzte eta, horiei esker, kontakizunen sorkuntzan eta zabalkuntzan erabiltzaileekin elkarreraginean jarduteko aukera dago, baita haiekin ezagutza partekatzekoa eta esperientzia berriak bizitzekoa ere.
Hasteko, nazioarteko hitzaldi batek emango dio hasiera masterclassari, Lance Weilerren eskutik. «Transmedia: pantailatik harago istorioak kontatuz» izango du izenburutzat, eta zera azalduko du: transmedia proiektuak nola diseinatu eta garatu behar diren erakargarriak eta interesgarriak izateko, ikusleak izateko eta finantzaketa modu berriez baliatzeko.
Horren ondoren, Robert Figuerasek Panzer Chocolate (Robert Figueras eta Gemma Dunjó) proiektua aurkeztuko du, kasu praktiko gisa, Estatuko lehenego transmedia proiektuetako bat.
Bukatzeko, transmedia narratiben prestakuntzari eta horrek eskaintzen dituen aukera berriei buruzko mahai-ingurua izango da; hizlariek hartuko dute parte eta transmedia formazioan aditu eta produktore den Ian Ginnek gidatuko du. Eztabaidan bertaratutako ikasleek, irakasleek eta profesionalek ere parte hartu ahal izango dute.
2. 3D zinema tailerra:
Manolo Gómez, Dygra Filmseko presidenteak, 3D zinema digitalari eta Dygra Native Digital 3D sistemari buruzko masterclassa gidatuko du. Azken hori ekoizpen «natiboa» bermatzen duen konpainiaren zigilu propioa da, lehenengo unetik 3D zine digital estereoskopikoan pentsatutakoa eta egindakoa. Holy Night! pelikula izango da landuko den gaietako bat; izan ere, pelikula Espainian 3D digitalean ekoitzitako animaziozko lehenengo filma da (eta Europako lehenengoetakoa), eta work in progressa Donostia Zinemaldian aurkeztuko da.
Tailerra osatzeko, Panavisionek ere hartuko du parte; The Krostons, Masters of the Universe (Frederik Du Chau) filmaren teaserraren primizia emango da eta pelikulan erabilitako 3D tratamenduari eta ekipoari buruz hitz egingo dute.
Horrez gain, Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketan zenbait ekintza paralelo ere egingo dituzte. Alde batetik, programaren atal bat nazioarteko lankidetza eta ekoizpen prozesuak sustatzera bideratzeko proiektuak aurkezteko gorde da. Testuinguru horretan, bi film labur emango dira Atelier Masterclass proiektuaren lehiaketatik kanpo, eta Parisko La Fémis eta Baden-Württembergeko Filmakademie-k parte hartuko dute.
Horrez gain, aurten, Istanbul Express proiektua ere izango da topaketan; Donostiatik Istanbulera trenez joango diren 15 zinemagile gazte hartuko ditu. Proiektua 18 eta 30 urte arteko 45 zinemagile gazteri zuzenduta dago. Hiru trenetan Europa zeharkatuko dute, ibilbide ezberdinak eginez, baina guztien helmuga Istanbul izanda. Bidaian, gazteek 15 film labur dokumental grabatuko dituzte, lekuak biziz, aurreiritzi eta klixeetatik ihes eginez eta zenbait hizkuntza errealitate zuzenean ezagutuz.
Topaketan gertatzen den guztia sarean islatuko da. Zinemaldiko webgunean dagoeneko filmei eta parte hartuko duten eskolei buruzko informazioa eta irudiak kontsultatu eta deskarga daitezke. Topaketan gertutik jarraituko da gertatzen den guztia, horretarako prestatutako hainbat plataforma eta kanalen bitartez: www.eiecine.ning.com, twitter.com/eiecine eta www.facebook.com/EncuentroInternacionaldeEstudiantesdeCine. Plataforma horietan, lehiaketan parte hartuko duten film labur batzuk ikusi ahalko dira, ikasleei eta eskola parte-hartzaileetako ordezkariei egindako elkarrizketak, eguneko laburpenak eta bertaratutakoek gailu mugikorren bitartez emandako materiala kontsultatu ahalko dira. Horiek guztiak jardunaldien dimentsio biziena eta gizatiarrena emango duten edukietako batzuk izango dira.Horri esker, bertaratutakoentzat webgunea gune dinamiko eta guztien parte-hartzerako tokia izango da, eta jarduera horren helburuak sustatuko ditu.
Topaketa elkarrekin antolatzen dute Zinemaldiak eta Tabakalerak, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak. Gainera, Donostia 2016an Europako Kultur Hiriburua izateko hautagaitzaren babesa du, hautagaitza horrek sustatu nahi dituen tokien eta lan moduen adierazgarria baita.
Egitaraua
Asteazkena 22
11:00, Príncipe zinemak: 3D zinema tailerra:
15:00, Kutxa Arrasate gela: Transmedia hitzaldia:
20:00:– Kursaal, Prentsa Kluba Zinema Ikasleen Nazioarteko IX. Topaketa aurkezpena
Osteguna, hilak 23, Kutxa Andía gela
10:00: Emanaldiak eta mahai-inguruak:
12:15: Emanaldiak eta mahai-inguruak:
16:30: Emanaldiak eta mahai-inguruak:
Ostirala, hilak 24, Kutxa Andía gela
10:00: Emanaldiak eta mahai-inguruak:
12:15: Emanaldiak eta mahai-inguruak:
16:00: Emanaldiak eta mahai-inguruak:
17:15: Lehiaketaz kanpo:
20:30: GARAILEEN ZERRENDA
Hizlariak:
Transmedia hitzaldia:
Lance Weiler (http://lanceweiler.com/about/)
Ospe handiko idazlea eta zuzendaria. Bere lana banatzen aitzindaria izan da: behin eta berriz istorioak kontatzeko moduari buruz esperimentatu du, eta zenbait banaketa sareen bitartez ikusleengana iritsi da. Transmedia narratibaren arkitekturari buruz ikertzen duen Seize the Media entretenimendu enpresako kide da. Horrekin makina bat film, telebistarako proiektu eta bideo-joko garatu ditu.HiM transmedia proiektua du hurrengo filma, CineMarten 2009ko edizioan Arte France Cinéma saria berriki eskuratu duena. Urtarrilean HiM Sundance Screenwriters Labean izan zen, eta Labek bultzatutako lehenengo transmedia proiektua izan zen.
Lance WorkBook Project sarearen sortzailea da; besteak beste zinemagileak, musikariak, jokoen diseinatzaileak eta software garaleak biltzen dituen nazioarteko sormen irekiko lan-sarea da WorkBook proiektua. Horrez gain,Radar izenburua zuten 20 saioen sortzaile eta ekoizle ere izan da. IFPren (ekoizleen erakunde amerikarra) batzordeko kide da, eta zenbait teknologia enpresen aholkulari ere bai. Kurrikulumean Putting the Mass Back in Media liburua idatzi izana eta http://textoflight.com/ bloga kudeatu izana azpimarra daiteke.
Narrazio arkitekturen aldaketen arloan ohiko hizlaria da eta entretenimenduaren munduan ospe handiko foroetan ere parte hartzen du, besteak beste: MIT, USC, Columbia, Cannes, Sundance, etab.
Robert Figueras (www.robertfigueras.com)
Gaur egun Panzer Chocolate izenburua duen lehenengo film luzean lanean ari da, eta 2011n aurkeztea espero da. Digitalent fundazioaren babesa du; lana Pep Garridok idatzi du, eta zuzendaritza-lanetan Gemma Dunjóren laguntza izan du. Filmak bideo-joko/iPhone baten istorioa osatzen du, errealitate handiagotua duen motion comic interaktiboaren istorioa, errealitate alternatiboko eta telefono mugikor bidezko elkarrekintzako joko batena, hain zuzen ere.
Zenbait dokumentalen eta film laburren zuzendaria izan da, esaterako Los últimos días del General Álvarez de Castro, Simonet, el Terror del Francés edo Citizen Welles, eta bere lanaren atal bat Londresen garatu du.
2005ean Filmutea sortu zuen Gemma Dunjórekin batera. 36.000 zinemagile eta sortzaile baino gehiagok osatzen duten online komunitatea kudeatzen duen produktora da. Horrez gain, Filmuteak transmedia proiektuak garatu, ekoitzi eta bultzatzen ditu, Filmutea produktorarenak zein beste produktora, enpresa eta marka batzuentzako proiektuak ere, sormen zerbitzuak eta ekoizpen laguntza zerbitzuak eskainiz, baita aholkularitza, prestakuntza eta Internet bidezko finantzaketa, sustapen eta banaketa estrategia berriei buruzko hitzaldiak ere.
Filmak zuzentzeko modu gisa teknologia digitalen eta Internetaren aldeko apustua egiten du Filmuteak, eta ezagutza partekatzeko duen interesagatik blogari aktiboa da www.crossmediaproject.org webgunean. Horrez gain, Universitat Oberta de Catalunyako (UOC) Komunikazio Graduondoko aholkularia ere bada, eta besteak beste SGAE eta Ramon Llull Unibertsitateko (URL) Facultat de Comunicació Blanquerna bezalako erakundeetan hitzaldiak ematen ditu.
Ian Ginn (http://nl.linkedin.com/in/ianginn)
Sortzailea eta ekoizlea, gazteentzako transmedia formatuak garatzen ditu Hubbub Media bere produkzio etxean, eta Amsterdam, Londres eta Los Ángelesen egiten du lan.
Transmedia narratibetan eta sormen eta berrikuntza aplikatuan aditua da, hitzaldiak ematen ditu eta nazioarteko zenbait forotan tailerrak zuzendu eta gidatzen ditu, besteak beste Canneseko Zinema jaian, Power to the Pixel Forum (Londres), TEDxTransmedia (Geneva), Mobile 2.0 Europe (Bartzelona), UK Screenwriters' Festival, Amsterdam Dag van de Soap, Cinekid (Amsterdam).
TransmediaLabs enpresa aholkulariaren bitartez transmedia prestakuntzarekin, hezkuntzako berrikuntzarekin eta merkatuen ikerketarekin lotutako gaiak lantzen ditu. Gaur egun, zenbait proiektutan lanean ari da, adibidez University of Applied Sciences zentrorako (Amsterdam) transmedia prestakuntza-laborategia garatu eta martxan jartzeko proiektuan.
3D zinema tailerra:
Manolo Gómez
Ekoizlea, gidoilaria, margolaria eta zuzendaria da. 1987tik DYGRA FILMSeko sortzailea eta presidentea da. El Bosque Animado (2001) eta Sueño de una noche de San Juan (2005) animazio film luzeen ekoizlea eta zuzendarietako bat izan da. 2003tik 2006ko irailera arte Academia Galega do Audiovisual akademiako presidentea eta Espainiako Arte eta Zientzien Akademiako kidea izan zen, baita European Film Academy, Mundos Digitaleseko antolaketa batzordekide (2002tik 2006ra) eta Cartoon Futurekoa (2002tik 2005era) ere. A Coruñako Unibertsitateko Sormen eta Komunikazio Digitaleko Masterreko tutorea da (1998tik gaur egun arte). AVERHO fundazioko nagusia. El Bosque Animado, Sueño de una noche de San Juan eta Espíritu del Bosquefilm luzeen gidoiak aztertu ditu. Holy Night!, Objetos Perdidos eta Asinus Auras film luzeen garapena zuzendu du. Holy Night!, Objetos Perdidos eta Navegantes film luzeen gidoiak idatzi ditu beste profesional batzuekin batera.. Objetos perdidos eta Asinus Auras film luzeen garapenean Arte arduraduna izan da. Sari hauetan hautatua eta saritua izan da:
PANAVISION
Philippe Dieuzaidek eta Patrick Leplatek bukatuko dute Panavisionen hitzaldia.
Philippe Dieuzaide
2006an Panavision Alga Techno Zinema saileko kide izan ondoren, 2010eko urtarriletik aurrera Philippe Dieuzaide Salmenten zuzendaritzaren arduraduna da. Parisen ekoizpen zuzendaria izan zen 90ko hamarkadan, eta Espainian 5 urtez zerbitzu teknikoen konpainia bat zuzendu zuen.
Patrick Leplat
2006an Patric Leplatek Panavision Alga Technon egiten zuen lan Marketing Teknikoko eta Operazioen zuzendari bezala. Horren aurretik Panasonic Francen egin zuen lan 19 urtez, hasieran teknikari gisa eta ondoren, pixkanaka, zuzendari tekniko bihurtuz; azkenik Frantziako erretrasmizioaren gerente izan zen.