"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Urtean Espainian egin diren filmen ikuspegia da. Dagoeneko Espainian estreinatu diren lanak daude alde batetik, Donostian plataforma paregabea aurkitzen dutenak nazioartean zabaltzen hasteko. Bestalde, Espainian oraindik estreinatu ez diren lanak ere izaten dira, ildo berriak ezartzen dituztenak, ohiko bideetatik kanpo.
Goya sarietako irabazle nagusiak, zinema-aretoetan arrakasta izandako filmek, nazioarteko zinema jaialdietan parte hartu duten lanek, gutxiengoentzako proposamenek eta aurten garrantzi berezia duten ez fikziozko zinemak, agerian jarriko dute Espainian egiten den zinemaren aniztasuna eta bizitasuna, eta horretaz guztiaz gozatzeko aukera izango dugu Made in Spain sailean. Urteko Espainiako ekoizpenen panoramika osatzen duen Donostia Zinemaldiaren aukeraketaren barruan 19 film izango dira, Espainian argitaratu gabeko lanak barne.
Aukeraketaren barruan zuzendari ezagunen lan berriak aurkituko ditugu, besteak beste Julio Medem (Habitación en Roma), Dunia Ayaso eta Félix Sabroso (La isla interior), Miguel Albadalejo (Nacidas para sufrir), Jaume Balagueró eta Paco Plaza ([REC] 2), eta Daniel Monzón (Celda 211).
Era berean, aurten beren lehenengo film luzea estreinatu duten zuzendariek presentzia handia izango dute Made in Spain atalean: Emilio Aragón (Pájaros de papel); Lluís Galter (Caracremada); Anna Sanmartí (La terra habitada); Jordi Ferrer eta Pablo Vidal (El problema – testimonio del pueblo saharaui); Lilian Rosado González (Donde el olor del mar no llega); Félix Fernández de Castro (María y yo) eta Oskar Santos (El mal ajeno).
Sailak ez du ahaztu ez fikzioak gaur egungo Espainiako zineman duten garrantzia, eta horregatik, generoaren honako lan adierazgarri hauek ere aurkituko ditugu: María y yo, La terra habitada, Esquivar y pegar, El problema – testimonio del pueblo saharaui eta Cerca de tus ojos.
Made in Spain sailak Espainiako zinemak Sail Ofizialean eta Zabaltegin duen presentzia osatzen du. Hona hemen aurretik iragarri ditugun lanak: José María de Orbe zuzendariaren Aita, Judith Colell eta Jordi Cadenaren Elisa K, Óscar Aibar zuzendariaren El Gran Vázquez eta Agustí Villarongaren Pa negre Sail Ofizialean izango dira eta Elena Trapéren Blog eta Mikel Ruedaren Izarren Argia Zabaltegi – Zuzendari Berriak sailean; azkenik, José Luis Guerínz zuzendariaren Guest eta Isaki Lacuesta zuzendariaren La noche que no acaba Zabaltegi-Bereziak sailean ikusi ahal izango ditugu.