Donostia Zinemaldiaren 58. edizioak atzera begirako osoa eskainiko dio Don Siegel zuzendari estatubatuarraren lanari. Siegelek B saileko lan ezagun asko egin zituen, esaterako Invasion of the Body Snatchers (Gorputz lapurren inbasioa, 1956); 60ko eta 70eko hamarkadetako polizia-zinema berritu zuen The Killers (Hiltzaileak, 1964) eta Dirty Harry (Harry zikina, 1971) lanekin; eta Clint Eastwood ezagutarazi zuen aktore eta zuzendari gisa. Donostia Zinemaldiak denbora luzea darama askotan behar adina baloratu izan ez diren zuzendari klasikoen lanak berrikusiz. Kasu honetan Siegelek, bere ikuspegi inkonformista eta biziarekin, hiru hamarkada luzez genero-zinemari egin zion ekarpen izugarriari buruzko begirada eskainiko digu.
«Zuzendari izateko behar nuen bultzada eman zidan eta nik aktore izateko behar zuen bultzada eman nion... Nire ustez, Don Siegelengandik ikasi nuen leziorik baliotsuena zer errodatu nahi nuen eta zerbait ikustean zer ari nintzen benetan ikusten antzematen jakitea izan zen; eta urte hauetan guztietan ez dut horrelakorik oso maiz ikusi». Horiexek dira Clint Eastwoodek bere lagun Don Siegeli buruz esandako hitzak. Harentzat lan egin zuen bost filmetatik ezagunenak Harry zikina (1971) eta Escape from Alcatraz (Alcatrazeko ihesa, 1979) dira. Don Siegelen estilo zuzenak eragin handia izan zuen Clint Eastwoodek zuzendari gisa eginiko lanetan. Siegel kontakizunaren mamian oinarritzen zen eta energiaz eta zirraraz beteriko lanak egiten zituen; erritmo bizi hori ematen muntaketa gelan ikasi zuen. Ezaugarri horiek berak «indarkeriaren belaunaldia» deituriko beste zuzendari batzuengan ere aurki ditzakegu: Robert Aldrich, Richard Fleischer, Samuel Fuller, Richard Brooks eta Nicholas Ray, esaterako.
Don Siegel (Chicago, 1912-Nipomo, Kalifornia, 1991) hasiera hasieratik nabarmendu zen zuzendari gisa: bere lehenengo bi film laburrek Star in the Night (1945) eta Hitler Lives (1945) Oscar sari bana jaso zuten urte berean, 1946an, Fikzioko Film Labur Onena eta Film Labur Dokumental Onena kategorietan.
Baina ordurako Siegelek irabazia zuen ospea muntatzaile gisa. Cambridgen (Ingalaterra) egin zituen ikasketak eta Hollywoodeko Warner Bros. estudioetan aurkitu zuen lana. Hainbat film muntatu zituen han, haietako askotan bere izena inondik ageri ez bada ere. Garrantzitsuenen artean daude hainbat zuzendariren lan onenetako batzuk, horien artean, Anatole Litvak-en Confessions of a Nazi Spy (1939) eta All This and Heaven Too (1940); Raoul Walsh-en The Roaring Twenties (1939), They Drive by Night (1940) They Died with Their Boots On (Botak jantzita hil ziren, 1941) eta Gentleman Jim (1942); eta Michael Curtiz-en Mission to Moscow (1943).
Bi film laburrekin saria lortu ondoren, lehenengo film luzea zuzendu zuen The Verdict (1946), eta horren ondoren beste hainbat ekoizpen txiki etorri ziren; haiei esker Siegelek B saila gainditu eta film garrantzitsuak egin zituen, hainbat generotan, 50eko hamarkadan: zinema beltzean eta thrillerrean The Big Steal (1949), Count the Hours (1953) eta Private Hell 36 (1954) zuzendu zituen; westernean, berriz, The Duel at Silver Creek (1952). Baina, batez ere, zientzia-fikzioari egin zion ekarpen handiena, paranoia politiko-zientifiko-estralurtarreko funtsezko izenburu batekin: Gorputz lapurren inbasioa (1956).
Buru-belarri lan egiten ohitua zegoen, baita baliabide mugatuei ahalik eta etekin handiena ateratzen ere, baina, 1960an, Elvis Presley zuzendu zuen Flaming Star (1960) filmean eta horri esker garrantzi handiagoko ekoizpenak egiten hasi zen. Zinema lanak telebistarako lanekin tartekatuz, thrillerraren berrikuntza ekarri zuten funtsezko bi film egin zituen, 60ko hamarkadan: The Killers (Hiltzaileak, 1964), protagonista Lee Marvin eta Angie Dickinson zituena, eta Madigan (1968), Richard Widmark eta Henry Fondarekin. Azken honetan oinarrituta izen bereko telesaila egin zuten. Urte horretan bertan hasi zen Clint Eastwoodekin lanean Coogan’s Bluff (1968) polizia-filmean eta haren atzetik Two Mules for Sister Sara (1970) westerna, The Beguiled (Liluratua, 1971) zirraragarria eta 70eko hamarkadako polizia eta akzio zinemaren ikono bilakatuko zen Harry zikina film mitikoa etorri ziren. Eastwooden eta Siegelen arteko bosgarren eta azken lankidetza hamarkada amaieran gertatu zen Alcatrazeko ihesa (1979) filmean.
Polizia-zinemako beste lan bikain batzuk, esaterako Charley Varrick (1973), The Black Windmill (1974) eta Telefon (1977), zein John Waynerekin egin zuen azken lana, The Shootist (1976) hunkigarria, 80ko hamarkadan eginiko bi filmekin itxi zuen karreraren zati dira. Azken bi lan horiek Rough Cut (1980) eta Blackjack / Jinxed! (1982) dira.
Horrez gain, tarteka bere filmetan agertu ohi zen Don Siegelek aktore gisa ere lan egin zuen, esaterako Clint Eastwoodek zuzendutako lehen filmean –Play Misty for Me (1971)– eta Philip Kaufman-ek zuzendutako Gorputz lapurren inbasioa (1978) pelikularen remakean.
Donostia Zinemaldiaren 58. edizioak bigarren atzera begirako bat izango du baina horren berri dagokionean emango dugu.
DON SIEGEL. Atzera begirako saileko filmak
Laburmetraiak:
1) Star in the Night (1945)
2) Hitler Lives (1945)
Luzemetraiak:
3) The Verdict (1946)
4) Night Unto Night (1949)
5) The Big Steal (1949)
6) The Duel at Silver Creek (1952)
7) Count the Hours (1953)
8) China Venture (1953)
9) Riot in Cell Block 11 (1954)
10) Private Hell 36 (1954)
11) An Annapolis Story (1955)
12) Invasion of the Body Snatchers (1956)
13) Crime in the Streets (1956)
14) Spanish Affair (1957)
15) Baby Face Nelson (1957)
16) The Lineup (1958)
17) The Gun Runners (1958)
18) Edge of Eternity (1959)
19) Flaming Star ( 1960)
20) Hell Is for Heroes (1962)
21) The Killers (1964)
22) The Hanged Man (1964)
23) Stranger on the Run (1967)
24) Madigan (1968)
25) Coogan’s Bluff (1968)
26) Death of a Gunfighter (1969)
27) Two Mules for Sister Sara (1970)
28) The Beguiled (1971)
29) Dirty Harry (1971)
30) Charley Varrick (1973)
31) The Black Windmill (1974)
32) The Shootist (1976)
33) Telefon (1977)
34) Escape from Alcatraz (1979)
35) Rough Cut (1980)
36) Jinxed! (1982)
Atzera begirako klasikoa
Zinemaldiaren ohiko atala dugu zine-zuzendari klasikoei eskaintzen zaien atzera begirakoa, gutxi eta gaizki ezagutzen diren zinegileen lanetara hurbiltzen gaituena; horien artean Robert Siodmak, James Whale, William Dieterle, William A. Wellman, Gregory La Cava, Tod Browning, Mitchell Leisen, Mikio Naruse, John M. Stahl, Carol Reed, Frank Borzage, Michael Powell, Preston Sturges, Anthony Mann, Robert Wise, Ernst Lubitsch, Henry King, Mario Monicelli edo Richard Brooks buruzkoak azpimarra daitezke.
Berriak