"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Gutxi izango dira,baldin badaude, Txaber Larreategi eta Josu Martinez bezala, 24 urterekin Donostiako Zinemaldian hiru dokumental aurkeztu dituzten zuzendariak. Iaz Itsasoaren alabarekin lortu zuten arrakastaren ondoren, aurtengoan bi dokumentalekin etorri dira bizkaitarrak: Prohibido recordar eta Sagarraren denbora, 25 urte deserritik itzultzen.
Lehenbizikoak 1937 eta 1944 urte bitartean Saturarrango kartzelan espetxeratuak egon ziren bost emakumeren testigantzak biltzen ditu eta bigarrenak,1985az geroztik Afrikako Sao Tome eta Principe uhartean erbesteratua dagoen Alfonso Etxegarai eta bere emazte zuberotarraren, Kristiane Etxaluzen, bizitza kontatzen du. Zuzendariek azaldu dutenez, “hedabideetan agertzen ez diren galtzaileen istorioak dira, oraindik ere errekonozimendurik jaso ez duten pertsonenak, alegia”.
Sagarren denbora
Zuzendariek aurreratu dutenez, Etxegarai eta Etxaluzeren historia ez da nolanahikoa. Izan ere,“euskal independentziarekin konprometituta egon ondoren, gizona Afrikako irlara deportatu zuten duela hogeita bost urte”. Geroztik, emaztea joan-etorrian ibili da Zuberoako Domintxine herritik Sao Tome eta Principera.
Alfonsok idatzitako “Regresar a Sara” liburua irakurri ostean pentsatu zuten bikote honen bizia pantaila handira eramatea. “Proposamena oso ondo hartu zuten eta hiru hilabetetara Afrikan ginen grabatzen”, ekarri du gogora Larreategik.
Lehendabizi Iparraldean izan ziren Kristianeren testigantza biltzen eta ondoren, 7.000 kilometro egin zituzten senarra elkarrizketatzeko.“ Gure bizitza berrikusteko balio izan du, nobela batean irakurri izan bagenu bezala”, esan du zuberotarrak.
Sagarraren denbora, 25 urte deserritik itzultzen lanarekin erbesteratuen bizipenak hurbiletik bizi ez dituen publikoarengana ailegatu nahi dute zuzendariek.“ Euskal Herrian ez dugu ia elkar ezagutzen eta jendeak bikote honen errealitatea uler dezan nahi dugu”, gehitu du Martinezek.
Dokumentala gaur bertan estreinatuko dute, 21.00etan, Príncipe zinemetan eta zuzendariez gain, protagonista ere izango da bertan.
Prohibido recordar
Saturraraneko espetxeari buruz hitz egiten duen dokumentalaren estreinaldia bihar izango da, 20.30ean,Victoria Eugenian. Bertaratzen direnek, Ana Morales, Malbina Laseras, Carme Riera eta Nieves Torresen ahotik duela 60 urte Bizkaiko kartzela hartan sufritu zutena entzun ahal izango dute. Gainera, beste espetxekide batzuen senitartekoak ere agertzen dira filmean.
Batzuk lau urte pasa zituzten bertan, baina kasurik okerrenean, hamahiru ere itxaron behar izan zituzten euren buruak aske ikusteko. “Gogorrena da Franco hil ondoren ere ez dutela errekonozimendurik izan eta lotsa eta beldurra sentitu dute urte guzti hauetan”, jakinarazi du Larreategik.
Memoria historikoa berreskuratzea “ezinbestekotzat” jotzen dute zinemagile gazteek “gaur egun Saturraran hondartzan eguzkia hartzen duen jende askok ez baitaki han bertan 2.000 emakumetik gora espetxeratuta eduki zituztela”.
Sagarraren denbora, 25 urte deserritik itzultzen ez bezala,dokumental hau gaztelaniaz grabatua dute euskarazko azpitituluekin. Bi lanak, Zinemaldian ez ezik, Euskal Herrian eta kanpoan ere ezagutaraziko dituzte.
Elene ARRAZOLA