"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Guztiaren errua zinemarena da”, dio filmeko protagonistetako batek. “Eta agian arrazoi du –onartzen du Aoulad-Syad zuzendariak–; film bat egiterakoan arazoak ugari sortzen eta izaten baititugu”.
Izan ere, zuzendariaren aurreko filma, En attendant Pasolini, errodatzeko, herritarrek alokairuan utzitako lursailetan eraiki zituzten dekoratuak. Filmean agertzen den bizilagun Moharen lursailean meskita bat eraiki zuten. Errodajearen amaieran, grabaketa- taldeak tokitik alde egitean, bizilagunek dekoratu guztiak bota zituzten,meskita izan ezik, herritar guztientzat otoitzetarako leku bilakatu baitzen.Moharentzat desastre hutsa izango da hori, lursail horretan bere familiaren biziraupenerako lekak landatzen baitzituen.
Spin-off bitxia
Normalean film edo sail baten spin-off-a egiterakoan, lan horretako pertsonaiaren batean oinarritzen da jarraipena.A Jammâ filmaren kasuan, aldiz, dekoratuko elementu batek –ditxosozko meskitarenak– sortzen du gatazkaren abiaburua. Lehen ere Donostiako lehiaketan jardundako Aoul-Syaden aburuz: “Pasolinirena filmatzen ari ginela otu zitzaidan A Jammâ egiteko asmoa, eta benetan bitxia gertatu zitzaidan oraindik filmatzen hasi gabeko pelikula bat bizi ahal izatea”.
Moharen rola betetzen duen aktorea izan ezik, bertako herritarrak izan dira pelikulako antzezlariak –“hiru hilabete eman behar izan nituen haiek konbenzitzen”, azaltzen du zuzendariak–, eta horretxek ematen dio filmari errealismo eta freskotasun kutsua.
“Erlijioarena arazo korapilatsua da arabiar herrialdeetan”, adierazi du errealizadoreak, Marokon mezkitak ‘Jainkoaren etxe’ direla azpimarratuz; hori dela eta, filmaketan parte hartu zuten askori zail egiten zitzaien gidoiari jarraiki meskita kritikatzea.
Horrek ez du esan nahi Marokon zentsura dagoenik, nabarmendu du zuzendariak, bere herrian (egundoko argi eta dekoratu naturalei nola prezio merkeei esker) estatubatuar pelikula franko filmatzen baitira inolako traba eta zaintzarik gabe.
Horren harian, zineak Marokon zentsura garaiak gainditu dituela eta errealizadore berri probokatzaile asko badirela zehaztu du, nahiz eta berak gehien bat gai kostunbristagoei heltzen dien.
“Zinema ez da zentsura edo demokrazia kontua,emozio kontua baizik”, adierazi du zuzendariak prentsaurrekoan, zeinaren ustez egungo zineman “oro har, giza alderdia baztertu eta probokazioa lehenesten den”.
Horixe baita, izan ere, zuzendariak Meskita filmarekin kontatu nahi izan duena: herri baten eguneroko arazoak, bertako herritarren arteko harremak, langabezia edo erlijio kontuak.
Sergio BASURKO