"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinema ikasleek aurten ere izango dute euren lekua Zinemaldian. Gazte zinemagileen profesionalizaziorako bidean euskarri izateko helburuarekin jaiotako Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketen 9. edizioa ospatuko da hilaren 22 eta 24a bitartean
eta, bertan, hamabi herrialdetatik etorritako hamalau zentrotako ikasleek hartuko dute
parte. Zehazki, Alemania, Argentina, Kolonbia, Kuba, Txile, AEB, Finlandia, Israel, Polonia,
Britainia Handia, Singapur zein Estatuko gazteak izango dira Topaketan eta hauek egindako film laburrak, nagusiki ikasketa amaierako proiektuak, aurkeztuko dituzte. Lan horiek Danis Tanovic zine zuzendaria buru duen epaimahai batek aztertuko ditu eta horietako bati Panavision saria eskainiko zaio. Beste hiru zuzendari gazteri euren film laburrekin Canneseko Merkatuko Short Film Corner leihaketan parte hartzeko aukera luzatuko zaie.
Film laburrak aurkezteaz gainera eskola ezberdinetako ikasleekin eta adituekin eztabaidatzeko aukera ere izango dute gazteek horretara bideratutako espazioetan. Batez
ere sormena,ikus-entzunezko industriaren funtzionamendua, joera berriak eta Topaketan
parte hartzen duten eskoletako plantemanendu pedagokikoak izango dituzte hizpide. Hala,Transmedia narrazioaren eta 3D zinemaren gaineko masterclassa izango da hilaren
22an.Lehen gaia jorratuko duen hitzaldian aisialdi eta entretenimendu digitalean iraultza eragin duen istorioak kontatzeko era berria eta honen ekoizpena landuko du Lance Weiler-ek eta, kasu praktiko gisa, Panzer Chocolate proiektu interaktiboa aurkeztuko du Robert Figuerasek.
3D zinema eredua
Topaketen alderdi pedagogiko honen bigarren ardatza,esan bezala, 3D Zinema izango da. Masterclassa ematearen ardura Dygra Films-eko presidente Manolo Gómezek izango du eta, batik bat, Holy Night! filma -Estatuan 3D digitalean ekoitzitako animaziozko lehenengo filma eta Europa mailan lehenetarikoa- hartuko du gaitzat. Software bidez puztutako 3D eredua eta Dygraren berezko teknologiaren arteko ezberdintasunak ere izango ditu hizpide,besteren artean.Tailer hau osatzeko Panavisionen partaidetza ere izango da: Frederick Du Chauren The Krostons, Masters of the Universe lanaren teaser edo lehen irudi sorta ikusi ahalko da eta filman emandako 3D tratamenduari eta ekipoari buruz ere hitz egingo dute. Azkenik, aipatu Topaketa berezi hau Tabakalera Kultura Garaikideen Nazioarteko Zentroak eta Zinemaldiak elkarlanean antolatutako ekimena dela eta, bestalde, Donostia 2016an Europako Kultur Hiriburua izateko hautagaitzaren babesa ere baduela.
Amalur ARTOLA