Julia Robertsek azken 20 urteetan arrakasta gehien izan duten filmetako batzuetan parte hartu du, zuzendari ospetsuekin lan egin du eta mundu osoko aktore miretsienetako bat da.
Julia Roberts Smyrnan jaio zen (Georgia), 1967ko urriaren 28an. Zinemako ibilbide geldiezina 1987an hasi zuen, J. Christian Ingvordsen zuzendariaren Firehouse lanarekin, eta nabarmentzen hasi zen, jada, hurrengo filmarekin, Mystic Pizza (Donald Petrie, 1988). Steel Magnolias (Altzairuzko magnoliak) (Herbert Ross, 1989) filmean egin zuen bere lehenengo rol garrantzitsua, Sally Field eta Shirley MacLaine aktoreekin. Honi esker bere lehenengo Urrezko Globoa irabazi zuen eta bigarren mailako aktore onenaren Oscar sarirako izendatu zuten.
Richard Gere aktorearekin egin zuen Pretty Woman (Garry Marshall, 1990) komedia erromantikoak arrakasta izugarria izan zuen mundu osoan eta horrek eman zion nazioarteko ospea Robertsi. Film honekin Urrezko Globoa eta Oscar sarietarako beste izendapen bat lortu zituen, baina kasu honetan, aktore protagonista onenaren kategorian.
Ondoren, Joel Schumacher zuzendariaren Flatliners (Heriotzaren muga, 1990) thrillerreko protagonista izan zen, eta urtebete geroago, zuzendari berarekin egin zuen Dying Young. Sleeping with the Enemy (Etsaia ohelagun) (Joseph Ruben, 1991) filmak ere arrakasta izugarria izan zuen mundu osoko zinema aretoetan.
Hook (Steven Spielberg, 1991) filmean Txilintxo izan ondoren, zenbait urtez dramak eta thrillerrak egin zituen, esaterako The Pelican Brief (Alan J. Pakula, 1993); Mary Reilly (Stephen Frears, 1996) eta Michael Collins (Neil Jordan, 1996). Gainera, Woody Allenen Everyone Says I Love You (1996) film musikalean pare hartu zuen.
1997an komediara itzuli zen eta My Best Friend’s Wedding (Nire lagun minaren ezkontza) film arrakastatsuko protagonista izan zen, Cameron Díazekin batera. Film horrekin inauguratu zuten, gainera, 1997ko Donostia Zinemaldia, baina, tamalez, Julia Robertsek ezin izan zuen gure hirira etorri orduan. Hugh Grantekin egin zuen Notting Hill (Roger Michell, 1999) filmak eta Garry Marshall zuzendariarekin eta Richard Gere aktorearekin egin zuen bigarren lanak, Runaway Bride (Emaztegaia ihesi, 1999), Julia Robertsek komedia erromantikoetan zuen harrera bikaina erakutsi zuten berriz.
Garai hartan egin zituen Richard Donner zuzendariaren Conspiracy Theory (1997) thrillerra, Mel Gibsonekin, eta Stepmom (Chris Columbus, 1998) drama. Azken honetan, Susan Sarandonekin eta Ed Harrisekin egin zuen lan eta ekoizle exekutiboa ere izan zen.
2000. urtean aktore dramatiko gisa duen kalitatea erakutsi zuen Erin Brockovich filmean. Honi esker Emakumezko Aktore Onenaren Oscar saria irabazi zuen, baita Urrezko Globoa ere. Film hori Steven Soderberghekiko lankidetza estuaren hasiera izan zen, ondoren, beste hiru aldiz lan egin zuen berarekin: Ocean's Eleven filmaren remakea (2001), Full Frontal (2002) eta Ocean's Twelve (2004).
The Mexican (Gore Verbinski, 2001), America's Sweethearts (Joe Roth, 2001), Grand Champion (Barry Tubb, 2002) eta Confessions of a Dangerous Mind (George Clooney, 2002) egin ondoren, Robertsek 60ko hamarkadan giroturiko Mona Lisa Smile draman parte hartu zuen (Mike Newell, 2003). Mike Nicholsek bi proiektutarako deitu zuen: Closer (2004) pantaila handira eramateko, Jude Law, Clive Owen eta Natalie Portmanekin batera, eta Charlie Wilson's War (Charlie Wilsonen gerra, 2007) drama politikoa egiteko, Tom Hanks eta Philip Seymour Hoffmanekin. Azken honi esker Urrezko Globoetarako izendatu zuten berriz.
Hona hemen egin dituen azken lanak: Fireflies in the Garden (Dennis Lee, 2008); Urrezko Globoetarako izendapen berri bat ekarri zion Duplicity thrillerra(Tony Gilroy, 2009) Clive Owen aktorearekin; Valentine's Day komedia erromantiko korala(Garry Marshall, 2010); eta Donostia Zinemaldian berak aurkeztuko duen Eat Pray Love (Ryan Murphy, 2010), Javier Bardemekin.
2011n estreinatuko da Tom Hanksek zuzenduriko Larry Crowne. Protagonistak Hanks bera eta Julia Roberts izango dira.