"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinema iraniarra urrezko aro batean dago aspalditik, eta neurri handi batean nazioarteko
zinemaldiei esker lortu du gaur egun munduan zehar duen errekonozimendua. Alabaina,
zinemaldiekiko menpekotasun horrek arrisku handi bat ere bazuen, oso mugatuta gelditzeko arriskua hain zuzen ere. Edozein modutan, badira urte batzuk, Kiarostami bezalako zuzendarien lanari esker, herrialde horretako ekoizpenek Mendebaldeko
pantailetara saltoa eman zutela eta gaur egun nolabaiteko normaltasunaz iristen
zaizkigu film iraniarrak. Horrek ez du esan nahi bide erraza dutenik,Hollywoodetik ez datozen pelikulek gogor borrokatu behar izaten baitute aretoetan toki bat egiteko.
Aitortu behar dut zinema iraniarrak aspalditik erakartzen nauela. Seguru aski pelikula
txar ugari eginen dira Iranen, baina hona iristen diren gehienek, guztiek ez esateagatik, azpimarratzeko moduko kalitate maila handia izaten dute, eta ikusi besterik ez dago zinemaldietan lortu ohi dituzten sariak, mundu guztiko palmaresetan ohorezko postuetan sartzen baitira urtero. Eta zinema iraniarrak erakartzen banau, herrialdearekin nire zalantzak izaten ditut, alde batetik erakartzen banau eta bertara joateko gogo handia pizten badit ere,
beste alde batetik beldurra ematen dit hango bizimoduak, komunikabideek islatzen duten
fanatismo erlijiosoak eta ohituren alorrean ezarritako autoritarismoak. Jakina da hainbat zinegile iraniarrek arazoak izan dituztela agintariekin, eta ez nolanahikoak gainera.Hori guztia jakin badakigu, eta horregatik hain zuzen behin baino gehiagotan harritu gaitu pelikula iraniar askoren oinarrian antzematen den askatasuna eta kritikarako joera. Horrez gain, edukiez gain, alderdi formalari dagokionean ere, zur eta lur uzten gaituzte askotan filmek.
Gesher honen kasuan, esate baterako, oso paper garrantzitsua du aukeratu den tokiak,
inguruak. Filma gasa ekoizten den eskualde batean egina dagoela irakurtzen da sinopsian
eta hasieratik sumatzen dugu tokia ez dela besterik gabe aukeratu. Edertasun arraro bat
duen tokia esan genezake, eta bertan elkartuko dira aurrera ateratzen saiatzen diren hainbat lagun. Ez dute bizimodu erraza izanen, lan gogorrak egin beharko dituzte eta oso
baldintza eskasetan bizi. Pelikulan zehar Iranen egoerari buruzko hainbat zertzelada eskaintzen dira, esate baterako planta nuklearraren auziari buruzkoa, baina hori gutxienekoa
da; esan liteke ikuslea hipnotizaturik gelditzen dela irudiek erakusten duten gune industrial
bitxi horren erdian. Bere zuzendariaren lehendabiziko lana bada ere, Gesher film honek
erakusten digu badirela zinema iraniarren sinesten segitzeko arrazoiak, badela jarraipena.
M.B.