Begirada indartzea, ezpainei bolumena ematea, tonuekin eta koloreekin jolastea… guztia da zilegi gure irudiaren alderik onena atera eta inperfekzio txikiak disimulatzeko. Izan ere, horren guztiaren atzean zergati bat duen teknika eta ezagutza bat dago, makillajearena. Eta zeregin hauetan maisu Jo Allen dugu, aurtengo Epaimahai Ofizileko kide sinpatiko eta berritsuenetakoa.
Makillaje zuzendari honek ospe handia du efektu bereziekin egiten duen lanagatik, eta bere eskuetatik igaro dira, besteak beste,Javier Bardem, Nicole Kidman, Diego Luna, Catherine Zeta- Jones, Julianne Moore, Christian Slater, Samantha Morton edo Jeremy Irons bezalako aktoreak. Nolanahi ere, itxuraldaketaren artista honek ez du uste Epaimahaiaren erabakia “makillatu behar izango duenik”.
Filmak epaitzeko metodo edo modu propioa daukala aitortu digu makillatzaile londrestarrak: “Filmen azal barruan sartzen naiz”. Haatik, pertsonaien xehetasun estetikoetan sartu aurretik proiektu guztia, “bere osotasunean”, aztertu ohi du. “Jakina, lanbidearen ajeagatik edo -onartzen du-, alderdi estetikoei erreparatzen diet ezinbestean; hala ere, ohituta nago nire lanbideari dagozkion alderdi zehatzetatik, alegia pertsonaien karakterizazioatik, harago begiratzea. Sen horretan, nire burua gai ikusten dut film bat ona den ala ez baloratzeko. Funtsean, pelikulak pasioa, zirrara, eragin behar dit, osotara harrapatu behar nau”.
Hurrengo galderarekin tupustuan harrapatu dugu Jo. Nola makillatuko zenuke Zinemaldiko aurtengo kartelean agertzen den neska? “Nor???”, ihardesten du, “ahhh, zuri-berltzean dagoen ile horail hori… Aizu, horretaz ari garela, zein da neska hori?” Berlinen jantzien diseinugintza
ikasten dabilen Charly izeneko neska bat, argitzen diogu. “Bada, begirada erakargarria du oso. Hala eta guztiz, eta espero dut inork ez gaizki hartzea -gaineratzen du-, nik ilea, orrazkera aldatuko nioke; eta bekainak ere bai”.
Lan eremutzat giza gorputza duen artista honek pinturarekin baino gehiago eskulturarekin lotzen du bere egitekoa: “Edozein film delarik ere, makillajeak proiekturako garrantzizkoa behar du izan, ez naiz film batean sartzen nire eginkizuna besterik gabe aktoreei aurpegian hauts batzuk jartzera mugatzen baldin bada. Niri pertsonaiak/ aktoreak itxuraldatzea gustatzen zait, ia ezagutezin uzten ditudan arte. Polemika eta eztabaida sortuko duten karakterizazioak egitea gustatzen zait: gorputz atalak eraldatzea, sudurra pittin bat aldatzea, pertsonaiak zahartu nahiz gaztetzea… Saltsa horietan nahastea dut gogokoen”.
Sudurrak-eta aipatu dituzula, bikaina zure lana Nicole Kidmanekin The Hours (Orduak) pelikulan, Virginia Woolf pantailan erruz berpiztea lortu zenuen. “Eskerrik asko, kasu horretan sudurrak eta ileordeak gauzatu zuten mirakulua. Latexaren antzeko eta geruzaz geruza jartzen den material mehe eta gardena erabili nuen. Ez da protesi bat, ez da sudur gainean blokean ipintzen den mordoilo bat, bata bestearen gainean doazen geruza mehe-meheak baizik. Bestalde, Mar adentro (Itsasoan barrena) filman, sudurra ez ezik, aurpegia aldatu nion Bardemi, baita gorputza ere. Erabateko itxuraldaketa izan zen”.
Halatan ere, Joa Allenek ezbairik gabe ziurtatzen duenez: “Juliane Moore aktorearena da inoiz ikusi dudan azalik ederrena. Zoragarri leuna dauka, aingeru batena bezala”.Oraindik lan egin ez duen aktoreen artetik, aldiz, Daniel Day Lewis eta Sean Penn aipatu dizkigu.
Teknologia digital berriak gorabehera, Allenek ez du langabe geratzeko beldurik: “Aktore bat karakterizatzen dudanean, berak ere bere baitan sumatzen du itxuraldaketa, eta hori digitalki egitea ez da gauza bera, aldaketa ez da horren sakona. Beraz, protagonista guztiek beti beharko dute makillaje itxuroso bat ukitu digitalak baino. Hezur-haragizko aktoreak aktore birtualen ordez aldatuko balituzte, orduan bai, lanik gabe geratuko nintzateke”.
Bere hurrengo proiektuak Amr Salama zuzendari egiptiarraren Asmaa eta Simon West zuzendariaren Dalí filmak dira. Batera zein bestera, une hauetan Dalíri buruzko hiru pelikula prestatzen ari dira, bata Al Pacinorekin, bestea Adrien Brodyrekin, eta azkena, Jo-rena, Antonio Banderas protagonista izango duena, hain zuzen ere: “Gidoi arras ederra dauka eta gainera,Dalí artistarik gustukoena dut. Hari eskaini nahi nioke filma, artistatik artistara”.Dagoeneko Banderasekin egon dela eta hura Dalí bilakatu dezakeela sinistuta dago Jo: “Dalíren rola betetzeko zentzuzkoena da aktore espainiar bat hautatzea, eta ez Adrien Brody bezalako antzezlari atzerritarra. Dena prest dago filmaketari ekiteko; bidean oztopo txiki bat daukagu ordea, oraindik ez dugu Dalí fundazioaren okeya jaso”. Azken mezua, fundazioko kide txit gorenei: “Egingo duzue fabore baimena ematekoa, mesedez!”
Sergio BASURKO