"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Aurtengo edizioko karteleko lerroak bolumena hartu eta glamour bihurtu ziren galako agertokian. Aurkezpen lanetaz arduratu ziren urte batean bai eta bestean ere bai oholtza gainera igotzen den Edurne Ormazabal, Made in Spain saileko La buena nueva-n lan egiten duen Barbara Goenaga eta Francis Lorenzo aktorea, “Águila roja” telesail arrakastatsuko gaizkigina.
Bederatzi egun, bederatzi kolore, eta lehena, Fipresci sariarena, Michael Hanekeren Zinta zuria lanari dagokiona, hain zuen ere; Margaret Menegoz ekoizleak zuzendariaren izenean jaso eta eskertu zuena.
Ohiko eskemari jarraituz baina aurreko urteetan baino arinxeago bilakaturiko ekitaldian aurkezleen desfileari ekin zitzaion. Elena Anaya aktore eta orain ile-horailak Richard Brooks-i eskainitako atzerabegirako klasikoa aurkeztu zuen, “literatur lanetan oinarrituriko film bikainak egiten asmatu zuen” zinegilea izan zela azpimarratuz. Segidan, Marta Etura aktore donostiarrak Zinemira zikloa aurkeztu zuen; Aida Folchek zinema latinoamerikarra sustatzen duen Horizontes epaimahaiko Manuel Pérez Estremerari eman zion paso, eta honek “Zinemaldiko aktiborik handienetako bat ikusleak dira” esanez Kursaaleko agertokira bertaratutakoen txaloak piztu zituen. Álex de la Iglesia, Martín Rivas, Pablo Rivero, Emma Suárez, Lucille Hadzihalilovic eta Serge Bozon jendaurrera agertu ziren halaber, baita Epaimahai ofizileako kide guztiak ere, Laurent Cantet buru zutela. Zuzendari Berrien epaimahatik, berriz, Saffron Burrows aktorea, bakarbakarrik, lirain-dotore, zuzendari berrien epaimahaian parte hartzeak sortzen dion poza eta irrika aitortuz: “ez dago ezer zirraragarriagorik film bat artean eta bizitzan loratzen ikustea baino”.
Azkenik, Atom Egoyan zuzendariak Sail Ofizialari hasiera eman dion Chloe filmaren emanaldia aurkeztu zuen.