Richard Brooks zuzendaria (Filadelfia 1912, Beverly Hills 1992) beti gogoratuko dugu idazle oso ezagunen lanak zinemara egokitzeko trebeziagatik. Beste batzuen artean honako hauen lanak egokitu zituen: Tenesse Williamsen Cat on a Hot Tin Roof (La gata sobre el tejado de zinc, 1958) eta Sweet Bird of Youth (Dulce pájaro de juventud, 1962); Joseph Conraden Lord Jim (1965); Fedor Dostoievskyren The Brothers Karamazov (Los hermanos Karamazov, 1958); Sinclair Lewisen Elmer Gantry (El fuego y la palabra, 1960); Francis Scott Fitzgeralden The Last Time I Saw Paris (La última vez que vi París, 1954) eta Truman Capoteren In Cold Blood (A sangre fría, 1967).
Horrez gain, aktoreen zuzendari paregabea ere izan zen Brooks. Paul Newman, Cary Grant, Humphrey Bogart, Elizabeth Taylor, Jean Simmons (haren emaztea izan zen 1960 eta 1977 artean), Burt Lancaster, Peter O’Toole, Gene Hackman eta Diane Keaton izan ziren haren filmetako protagonistetako batzuk. Artista ospetsuekin lan egiteaz gain, Brooksek lehenengo rol garrantzitsuak eman zizkien aktore berriei, esaterako Sidney Poitier zuzendu zuen Blackboard Jungle (Semilla de maldad, 1955) lanean, eta Richard Gere Looking for Mr. Goodbar (Buscando al señor Goodbar, 1977) filmean. Gainera bere garaiko Ipar Ameriketako politikaren eta gizartearen analista zorrotz bilakatu zen. Haren filmek berebiziko garrantzia izan zuten arrazismoa eta hezkuntza arazoak salatzeko garaian; esandako bi gai horiek jorratu zituen, adibidez, Blackboard Jungle filmean. Beste lan batzuetan kazetaritzaren indarra islatu zuen «laugarren botere» gisa, Deadline U.S.A. (1952) lanean konparazio batera.
Hollywoodeko 50eko eta 60ko hamarkadako zinemaren ezkerraldean kokatu zen, eta haren filmografiak beti islatu izan zuen egile independentearen eta Hollywoodeko estudioetako sistema zurrunaren arteko tentsioa. Hori izan zen indarkeriaren belaunaldia deiturikoa osatzen zutenen ezaugarri esanguratsuenetako bat. Baina Brooksen zinema ez zen belaunaldi hartako Samuel Fuller, Robert Aldrich, Nicholas Ray, Richard Fleischer eta Don Siegel-ena bezalakoa izan; bere modura, Ipar Ameriketako zinemaren ibilbidea aldatzen saiatu zen.
Brooks idazketaren mundutik zetorren, aurretik kazetari, nobelagile eta gidoigile izan baitzen. Hortan Fullerrekin bakarrik egiten zuen bat. Ez zuen, bestalde, Fuller eta Ray-k izandako babes bera izan Cahiers du Cinéma ezagunetan, eta haren lana ideologikoki eta estetikoki oso koherentea izan arren, bigarren mailan geratu zen. Orain da merezi zuen babes eta ospe hori berreskuratzeko garaia, haren lanak Ameriketako Estatu Batuetako zinemaren mapan merezi duten tokian kokatzekoa.
Haren belaunaldiko kideek bezalaxe, genero klasiko gehienak jorratu zituen eta ikuspegi berri bat eman zien, errealistagoa, helduagoa eta pertsonalagoa. Hortaz, haren lanen artean westernak aurki ditzakegu, The Last Hunt (1956) –bisonteen hilketa masiboei buruzkoa– eta The Professionals (1966) –Mexikoko iraultzan parte hartu zuten Ameriketako Estatu Batuetako mertzenarioen erretratu zorrotza– esaterako; zinema belikoa –Battle Circus (Hombres de infantería, 1953)– eta melodrama –Take the High Ground ( 1953)–; Tennessee Williamsen lanen egokitzapen solidoak; abenturazko zinema –Something of Value (Sangre sobre la tierra, 1957) edo gaur egun sekulako ospea duten 70eko hamarkadako thrillerrak –Dollars (1971)–.
Egokitutako gidoi onenaren Oscar saria irabazi zuen 1961n Elmer Gantry filmarekin eta hirutan izendatu zuten zuzendari onenaren sarirako. Richard Brooksek eginiko lehenengo gidoiak 40ko hamarkadako zinema beltzaren filme entzutetsuenetako batzuenak izan ziren, Brute Force (Jules Dassin, 1947) eta Key Largo (John Huston, 1948) besteak beste. Edward Dmytrykek, aldiz, Brooksen eleberrietako bat egokitu zuen Crossfire (1947) delakoan. Horrez gain, zuzendu zituen ia film guztietako gidoiak idatzi zituen. Bere zinemaren oinarria kazetaritza eta literatura ziren eta ekarpen handia egin zuen 50eko eta 60ko hamarkadetako adierazpideen aldaketan, indar eta eragin handiagoa izango zuten irudien bilaketan.
Zuzendari gisa
Gidoilari gisa
Berak idatzitako eleberria oinarri hartuta
Atzera begirako klasikoa
Zinemaldiaren ohiko atala dugu zine-zuzendari klasikoei eskaintzen zaien atzera begirakoa, gutxi eta gaizki ezagutzen diren zinegileen lanetara hurbiltzen gaituena; horien artean Robert Siodmak, James Whale, William Dieterle, William A. Wellman, Gregory La Cava, Tod Browning, Mitchell Leisen, Mikio Naruse, John M. Stahl, Carol Reed, Frank Borzage, Michael Powell, Preston Sturges, Anthony Mann, Robert Wise, Ernst Lubitsch, Henry King edo Mario Monicelli buruzkoak azpimarra daitezke.