"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Kartzelei buruzko filmek arrisku handi bat dute nire ustez: hasieratik ez baduzu dena sinesten, lehendabiko iruditik ez bazaizu dena sinesgarri iruditzen, jai dago. Eta ez da beti erraza izaten mundu horretaz kontatzen ari dena ikuslearengana helaraztea. Badakigu, bai, oso bizimodu latza dela espetxeetakoa, bortizkeria handia egoten dela, eta hainbat klitxe ere izaten ditugu barruan inoiz izan ez garenok; hala eta guztiz ere, zerbaitek adierazten digu askotan kontatzen ari zaizkiguna egia dela, gauzek horrelaxekoak behar dutela. Eta hori da hain zuzen Jacques Audiardek zuzendu duen Un prophète honekin gertatzen dena, duela hainbat urte, Donostiako Zinemaldian bertan, Hector Babencoren Carandiru pelikula hipergogorrarekin gauza bera gertatu zelarik.
Gazte-gaztetan bidali dute espetxera Malik El Djebena (Tahar Rahim) eta laster ikasi du zeinen gogorra den bertan bizirik irautea.Kaka asko irentsi beharko du, baina azkenean babesleak lortuko ditu, zerbaiten truke beti ere. Hori bai, inoiz ez da erabat integratuko ez talde batean, ez bestean.Jatorriz arabiarra da, baina korsikarrak dira babesa eman dioten lehenbizikoak, eta jakina, halako mundu batean ezin zara batera bi lekutan izan. Eta krudela izan gabe ere oso zaila da inora iristea. Malikek, edozein modutan, baditu bitartekoak eta aurrera egingo du hil duen lehenengo gizonaren mamua etengabe ondoan daramalarik. Bakar-bakarrik iritsi da kartzelara, eta kanpoan ere ez du inor zain, baina piskanakapiskanaka eskalafoian gora joanen da.
Mafiek eta talde antolatuek kartzeletan duten kontrola modu argian erakusten du Audiard-en pelikulak, eta lehendabiziko iruditik azkenera sinesten dugu,horretarako ez baita kartzelatik pasatakoa izan behar. Eta aitortu behar da hau bezalako filmek nolabaiteko katarsia eragiten dutela, iruditzen baitzaigu inoiz ez dugula aski eskertuko momentuz behintzat espetxean preso egon ez izana.