"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Elisabet Cabezak eta Esteve Riambauk erronka bikoitza gainditu dute Màscaresen, elkarrekin zuzendu duten bigarren lanean. Izan ere, katalanek Orson Wellesen inguruko antzezlana zuzentzeaz gain,pantaila handira eraman dute. Horretarako, Josep María Pou aktorearen laguntza izan dute. Honek, Wellesen papera betetzen du oholtza gainean, baina ez hori bakarrik. Artistek gutxitan egin ohi dutena egin du: bere etxeko eta lantegiko ateak zabaldu. Hitz bitan,“biluztu”egin da kamera aurrean egiten duen lanari buruzko filma grabatzeko.“Ez genuen Welles edo Pouen inguruko pelikula bat egin nahi, antzerkian lan egiten duten artistei buruzkoa baizik”, jakinarazi zuten atzo Cabezak eta Riambauk.
Proiektuaren lehen urratsak duela sei urte eman zituzten. “Zuzendari ingeles batek Orson Wellesen inguruko antzezlana zuzentzea proposatu zidan eta gauzak pixka bat gehiago zailtzearren, prozesu guztia filmatzea pentsatu nuen”, gogoratu zuen urtetan zinema kritikaria izan den Riambauk. Behin erabakia harturik, Elisabet Cabezarengana jo zuen 2005. urtean La doble vida del faquirekin egin zuten bezala, Màscares ere elkarrekin zuzentzea proposatuz. “Aurreko esperientzia zoragarria izan zen eta proiektua oso interesgarria iruditu zitzaidan hasieratik”, adierazi zuen emakumeak. Josep María Pouri ere hasieratik atsegin zitzaion proposamena. “Gaia azaldu genionean isilik egon zen bi minutuz, baina segituan eman zigun baiezkoa”, ekarri zuten gogora.
Elementu guztiak lotu ondoren, gidoia prestatu eta filmaketari ekin zioten. Hasierako erabakietako bat,parte hartzaile bakoitzak bere ama hizkuntza erabiltzea izan zen. Horrela, katalana, gaztelania eta ingelesa entzun daitezke pelikulan.
Eszena gehienak Bartzelonan grabatuak daude baina badira Donostian hartutako batzuk ere. “Pou La Cabra antzezlanarekin etorri zen Victoria Eugeniara eta orduko irudiak dira”, azaldu zuen Cabezak. Gainerakoak, Bartzelonan hartuak dira.“Denbora luzea eman genuen Pou jarraitzen; entseguak zirela, etxean gidoia ikasten ari zela. Egiten zuen guztia grabatu eta pelikula osatu genuen”, aipatu zuten.
Màscares Zabaltegiko Zuzendari Berriak sailean dago ikusgai.