"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Hasiera batean bi neraberen arteko adiskidetasunari buruzko film xume bat dirudiena piskanakapiskanaka korapilatzen joanen da eta drama handi samarra bilakatuko da azkenean. Gauzak oso gutxitan izaten dira ematen dutena, eta hemen ere sekretu asko izkutatzen dira, inork ez du egia osoa esaten, baina hori bukaera aldera ikasiko dugu, ordura arte ez jakintasuna nagusi delarik. Ingalaterrako kanpin batean kokatzen da The Scouting Book for Boys. Protagonistak bertako langile batzuen semea eta alaba dira. Udan izan ezik, urtean zehar oso jende gutxi eta oso ume gutxi bizi dira kanpinean; gauzak horrela, neska eta mutila lagun minak eginen dira urte gutxiren buruan. Horixe da pelikularen hasieratik erakusten zaiguna, bi haurren jolasak eta haien arteko adiskidetasuna.
Dena dela, laster sumatzen da mutikoak adiskidea baino zerbait gehiago izan nahi duela; horregatik, neskak izkutatzen duena azaltzen hasten denean, ez du oso ongi jakinen kartak nola jokatu. Etsaia ere sortu zaio, bere betiko lagunak beste mutil bat maite baitu, eta ez hori bakarrik. Haiekin batera kanpin berezi honetako beste bizilagun batzuren bizimodua ere ikusiko dugu tarteka, azken finean herri txiki bat besterik ez baita. Edozein modutan, istorio ia kostunbrista ematen zuena, thriller edo istorio poliziakoa bilakatzen da gero eta orduan hartzen du hain zuzen interesik handiena.
Denok aspalditik dakigun zerbait ere gogorarazten digu Tom Harperen pelikulak: nerabeak oso hauskorrak direla eta edozein tontakeriak betiko suntsitu ditzakeela. Aspalditik dakigun zerbait da, bai, baina batzutan ahaztu egiten zaigu. Pelikula hauek hauskortasun horretaz ohartarazteko balio beharko lukete eta ahal den neurrian arriskuak gutxitzeko, baina beharbada gehiegi pontifikatzea da hori guztia esatea eta inor ez dago hemen semoiak botatzen hasteko moduan, ez nerabezaroaz eta ez beste deustaz.
M.B.