"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Maite den pertsona baten galeraren drama, oso hurbil dagoen norbaiten heriotzak gizakiengan uzten duen zauria, literaturaren nahiz zinearen gai nagusietakoa izan da betidanik. Pertsona maitearekin batera, bizirik segitzeko indarra eta kemena joaten zaizkie batzuei horrelako egoeretan eta zulo beltzean geratzen dira hertsirik bolada luze batez, handik ateratzeko ahalegin ikaragarria egin behar dutelarik. Eta hori guztia areagotu egiten da hildakoa aurretik deus iragarri gabe desagertzen denean, ustekabean.
Sammen-en hasieran gurasoek eta seme gaztetxo batek osatutako familia eredugarri bat aurkezten zaigu, eredugarriegia agian. Bizimodu harmoniatsua daramate, ez dirudi haien artean inolako arazorik dagoenik, gazteak eta ederrak dira, antza denez dirua ez zaie falta, etxe eroso batean bizi dira, proiektuak dituzte eta printzipioz behintzat ezerk ez du beren zoriona mehatxatzen.
Egun batean, ordea, dena aldatu da bat-batean. Aurkitzen ez den kreditu-txartela, hegazkinera iritsi beharra, nahasmena, kotxeko atea ireki eta dena bukatu da, dena bukatu da familiako batentzat, baina neurri batean, baita beste bientzat ere. Hasiera batean elkarri normaltasun keinuak egiten badizkiote ere, argi dago gauzak oso bestelakoak izanen direla aurrerantzean, emazterik, amarik gabe, ezer ez da gauza bera izanen. Ekintzarik xumeena ere egiteko, afaltzeko zerbait prestatzeko, esate baterako, ez dira gauza izanen. Hildakoaren oroitzapenak pisu handiegia du bientzat. Aitak huts larriak izanen ditu lanean eta semea ez da batere ongi ibiliko eskolan. Aita amildegian barrena erortzen hasi da gero eta sakonago, eta azkenean semearen ardura ezin duela bere gain hartu erabaki du. Hortik aurrera amaiera besterik ezin da espero, bizitzeari utzi, eta iaia lortu du.
Neurri batean Malcolm Lowryren “Sumendiaren azpian” eleberria dakarkio gogora ikusleari film honek, batez ere norbaitek bere burua erabat suntsitzeko izan dezakeen gogoari dagokionez. Beste alde batetik, Donostiako Zinemaldian ikusi ahal izan diren beste pelikula eskandinaviar batzuen kutsua dauka, esate baterako Sonner-ena, norvegiarra hau ere. Hark bezala, honek ere oso pelikula heldua ematen du, lehenbiziko film batetik espero daitekeena baino askoz ere helduagoa. Eta baita gogorra ere, baina azken hau Europako Iparraldetik datozen pelikula askoren berezko ezaugarria dela ematen du.
M.B.