"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Orain dela bi urte, Christophe Honoré Cannesen lehiatu zen Amodiozko kantaklanarekin. Iaz, Donostiara etorri zen Pertsona ederrapelikularekin. Bi aldi horietan esku hutsik joan zen palmaresari dagokionez. Aurten, ordea, Making Plans for Léna pelikulak Chiara Mastroianniren presentzia indartsua dakar makulu. Filmeak Léna protagonistaren estuasunak ditu hizpide, dibortziatu berritan bere familiarekin udako etxe batean gerizatzen den emakumearena. Pixkanaka haren izaera kontraesantsuaren alderdirik ezkutuenak xehatzen dira bere familia bitxiaren baitan, zeinean zaharrak gazte eta aske antzean ageri diren, eta gazteak, aldiz, gogoetatsu eta larri.
Erruduntasuna
Honorék prentsaurrekoan azaldu zuenez, “nolabait ere esateko, filmeak helduen heldutasun faltaz hitz egiten digu”. “Gure belaunadiak pertsona heldu gisa hartuko ez gaituzten beldurra du eta beraz, haurrei direnak baino modu helduagoan hitz egiteko joera dugu”, aitortu zuen zuzendariak. Pertsonaia nagusia emakumea izatearen arrazoia, feminismoa eta amatasunaren gaiak ere jorratzeko aukeratu duela adierazi zuen Honorek: “Bai gizartearen, baita familiaren aldetik ere, presio handia dago emakumearekiko, bereziki amatasunari lotutako erruduntasunari dagokionez”.
Marcelo Mastroianni eta Catherine Deneuveren alabak, Chiara Mastroiannik, gaian sakondu zuen ikuspegi argiro feminista defendatuz: “Filmeak paradoxa baten aurrean kokatzen gaitu; hau da, aita batek seme-alaben zainpea bere gain hartzea ondo iruditzen zaigu, baina ama batek haiei uko egiteak ez zaigu horren ondo iruditzen. Bazter utzi dituela deliberatzen dugu, egoera zehatzen nondik-norakoak kontuan hartu gabe”.
Filmeko protagonistak, bestalde, berak antzezten duen Lenaren paperak ikusleak amorrarazi ditzakeela aitortu zuen: “Filmeak ez du ikuslea seduzitzea helburu,ama baten baitako kontraesanak agerian uztea baizik”.
Christophe Honoré zuzendariaren arabera, “ez da egia gizonezko pertsonaiak inozo antzean erakusten ditudanik, erantzukizunak hartzen baitituzte beren gain. Geldirik daudela dirudien arren, beharrezko direnean errekzionatu egiten dute. Lénaren senar ohia, adibidez, larrialdiren bat gertatzen denean beti dago hor. Izan ere, filman bizitzen diren eta istorioan barrena dabiltzan pertsonaiak ez dira denak berdinak. Pertsonaia liderrak daude, rol nagusiak. Eta Making Plans for Léna filmaren kasuan liderrak emakumeak dira”.
Chiararen heldutasuna
Antzezle moduan heldutasuna erdietsi ote duen galdetu zaionean, zera adierazi du Chiarak: “Nik uste film honek aktore gisa heldutasunera iristeko balio izan zaidala. Zinez eskertzen dut Christophek paper hau eskaini zidanean nigan jarri zuen konfidantza. Gehienetan bigarren mailako rolak jokatu izan ditut, oro har, protagonisten itzalera, baina ez zitzaidan axola. Aktore artisautzat ikusi izan dut beti neure burua, ziuraski nire hastapenak ez zirelako berealdikoak izan. Luzoan, errodajeetara nire gurasoak laguntzera joan nintzen besterik gabe, eta aktore izan nahi nuela berandu samar konturatu nintzen”.
S.B.