Sir Ian McKellen (Burney, Ingalaterra, 1939) zinema, antzerki eta telebistako aktore britainiar handienetako bat da. Bere aldakortasunari esker rol oso desberdinak antzeztu ditu, Shakespeareren klasikoetatik hasita, gaur egungo super heroietara, eta egile zinematik, ekoizpen komertzialenetara.
Zinemaren arloan, McKellenen ospea honako rol hauei esker sendotu zen: Richard Loncraine zuzendariaren Richard III (1995) filmean eginikoa; Bill Condon zuzendariaren Gods and Monsters (1998) filmean antzezturiko James Whale zinema zuzendariaren rola -hari esker Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen Donostia Zinemaldian-; eta Bryan Singer errealizadorearen Apt Pupil (1999) filmeko naziarena. McKellen protagonista zuen beste film batek, Kenneth McMullen zuzendariaren Zina (1985) lanak, hain zuzen, Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen Donostia Zinemaldian.
Sariz beteriko ibilbide luze eta oparoaren ondoren, eta Oscar sarietarako bi izendapenen jaso ostean, ospe handia irabazi zuen fantasiazko zinema berrian eginiko funtsezko bi roli esker: Magneto, Bryan Singer zuzendariaren X-Men (2000) lanean, eta haren jarraipenetan, eta Gandalf, Peter Jackson zuzendariaren The Lord of the Rings (Eraztunen jauna, 2001) filmen sagan.
Oso gaztetan hasi zen antzerkira joateko bere zaletasuna, eta oihal atzean gertatzen zenagatiko jakin-minak Cambridgeko unibertsitateko antzerki eskolan sartzera eraman zuen. Inolako hezkuntza formalik gabe hasi zen antzezpen profesionalean, Ingalaterrako eskualde mailako antzerki taldeetan, 1961ean.
1969. urterako «bere belaunaldiko aktore nagusi» izendatzen zuten eta ordurako Laurence Olivierren Antzerki Konpainia Nazionalean lan egin zuen, Londreseko eta New Yorkeko antzezlan modernoetan antzeztu zuen, David Copperfield ezagunaren rola egin zuen BBC telebista-katerako eta hainbat filmetan ere parte hartu zuen; besteak beste, The Promise (Michael Hayes) eta Alfred the Great (Clive Donner).
Ondoren, Royal Shakespeare Company antzerki taldearekin eginiko biretan, antzezlan klasikoetan ere bere bikaintasuna erakutsi zuen, honako rol hauetan: Rikardo III.a, Eduardo II.a, Hamlet, Romeo eta Faustus doktorea. 1980an Salieriren rola egin zuen Broadwayen aurkezturiko Amadeus lanean. Geroago, National Threatre taldearekin lan egin zuen hiru urtez, aktore eta ekoizle gisa, Ibsen, Congreve, Stoppard, Txekhov eta Shakespeareren lanekin. Bestalde, Martin Shermanen Bent lanaren estreinaldian ere parte hartu zuen, nazien lan-esparruetan homosexualen bizi gorabeheratsuari buruz hitz egiten zuena.
McKellenen zinemako karrera nahiko berandu azaleratu zen, Priest of Love (Christopher Miles, 1981), Walter (Stephen Frears, 1982), The Keep (Michael Mann, 1983), Plenty (Fred Schepisi, 1985), Cold Comfort Farm (John Schlesinger, 1995) lanekin, 50 urtetan egin dituen 250 antzezlanekin tartekatu behar izan baitu beti. Lan horietako batek, Shakespeareren Rikardo III.a lanak, Londreseko Antzerki Nazionalean hasi zuen bere ibilbidea, eta Europan eta AEBetan barrena ibili zen, eta gainera, McKellenek berak zinemarako egokitu zuen; hari esker, Urrezko Globoa eta Europako Urteko Aktore Onenaren Felix saria irabazi zituen 1996an. Richard Loncraine izan zen filmaren zuzendaria.
Hollywooden deiari erantzunez, Apt Pupil eta adierazitako Gods and Monsters egin zituen jarraian. Eta geroago, ezaguna egin zen mundu osoan X-Men (Singer), Eraztunen jauna eta The Da Vinci Code (Da Vinci Kodea, Ron Howard, 2006) filmetan eginiko lanengatik.
2006an, Berlineko zinema jaialdiak, Ohorezko Urrezko Hartza eman zion bere karrera osoagatik.
Egin dituen azken antzezlanak King Lear (Lear erregea), mundu osoko biran, eta Waiting for Godot (Godoten zain) izan dira; azkena Patrick Stewartekin batera. Azaroan, The Prisoner (Nick Hurran) mini telesaila emango dute telebistan. Eta datorren urtean, berriz ere Gandalfen rolari eustea aurreikusi du, Guillermo del Torok zuzenduriko The Hobbit lanean.
Duela hogei urte bere sexu-joeraren berri eman zuenetik, homosexualen eskubideak defendatu ditu beste batzuekin sorturiko Stonewall UK elkartearen bitartez.