"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
“Zertarako balio du mendekuak dena ahaztu baduzu?”, galdetzen du ozenki pelikula honetako pertsonaietako batek. Eta galderak badu bere funtsa. Hain zuzen ere, Johnny Hallydayk gorpuzten duen Costello pertsonaiaren alabaren senarra eta semeak hil dituzte eta mendekua hartu nahi du. Horretara joan da Parisetik Macaura. Presa du gainera, aspaldian burmuinean sartu zitzaion bala bat bere oroimena suntsitzen ari baita, laster ez da deustaz gogoratuko, eta lana lehenbaitlehen burutu behar du. Horretarako gaizkile talde bat kontratatu du, duen guztia emanda. Haien artean sortzen den harremana pelikularen ardatzetako bat bilakatuko da, hiltzaileen–jatetxe baten jabea bada ere, inoiz bera ere hiltzaile bat izan zela ikasiko baitugu- artean ere nolabaiteko kode deontologikoa badagoela berriro ere agerian jarriz.
Western baten tankera hartzen du momentu gehienetan Vengeance honek, bereziki tiroak eta borrokak hasten direnean. Johnnie To-k eta orokorrean Hong-Kongeko zuzendari askok zine mota honetan duten eskarmentua argi eta garbi azaltzen da lan honetan, baina esan daiteke akziozko filme baten ohiko ezaugarriak gainditu eta haruntzago doala. Oroimenaren kontuak tonu berezi bat ematen dio pelikulari, eta baita fideltasunarenak ere. Costelloren alde egiten duten gaizkileek erabakia hartu dutenean ez dituzte datu guztiak, baina momentu batean ikasi dute zein den egoera eta sumatu dute seguro aski ez direla bizirik aterako; hala ere, ez dute atzera egin eta ordaindu dien atzerritarraren alde borrokatuko dute dena bukatzen den arte.
Pelikula honetan beste zerbait ere nabarmendu behar da, Johnny Hallydayk mota honetako paperak egiteko duen doain paregabea hain zuzen ere. Ezin da ukatu bere aurpegiak baduela zerbait berezia, pertsonaia gaiztoak gorpuzteko ezin hobeki datorkiona. Edozein modutan, hemen hasiera batean pertsonaia gaiztoa dena,oroimenak ematen duen babesa galtzen duenean, oso bestela agertzen da gupida sentimendu bat ekidin ezin duen ikuslearen aurrean. Vengeance hau ikusten ari nintzela, duela urte batzuk Zinemaldian programatu zen L’homme du train filmaz oroitu naiz, eta momentu batez bururatu zait Hallydayk, kantatzen aritu beharrean, zinearen munduan sartu beharko zukeela bete-betean.
M.B.