"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Teheranen jaio zen 1980an, familia guztiz zinemazale baten baitan. Aita, Mohsen Makhmalbaf errealizadore ezaguna da, gidoilaria du ama, bere ahizpa gaztea, Hanna, zuzendaria da, eta bere anaia Maysan, ekoizlea. Hamazazpi urterekin zuzendu zuen bere lehenengo film luzea, Sagarra, eta Canneseko jaialdian parte hartu zuen zuzendari gazteena izan zen.Makhmalbafen hirugarren filma, Arratsaldeko bostetan, Taliban erregimenaren ondoren Afganistanen errodatu zen lehenengoa izan zen.
Samirak dioenez, ”nire filmen bidez, sufritzen duten gizakien oinazea leundu nahi nuke. Munduan egoera latz ugari dago. Eta horiek aldatu nahi nituzke nire ahalbideen neurrian. Izan ere, aipatu dudan oinaze hori, neurri handi batean, zenbait gizakiren jokabidearen ondorio baita. Finean, pentsatzen duguna gara. Zinemak pentsamenduak alda ditzake. Horregatik egiten dut zinema”.
Zuzendari irandarrak Epaimahaiaren Saria jaso zuen aurreko urteko Zinemaldian Bi hankako zaldia lanarekin eta Cannes, Venezia, Berlin, Locarno, Mosku eta Montrealgo zinema jaialdietan epaimahaikide lanetan ere sarri ibili da.Ezin du bere herrialdean filmatu, baina presio politikoak barnean duena adierazteko beharrezko kemena ematen diola uste du.Zinemagile gazteak artista unibertsal gisa ikusten du bere burua, “gizaki guztiei helarazteko modukoa den mezua” eraiki nahi duen artista, hain zuzen ere.
Bere herrialdeko gatazken artean hezi izan da eta bere filmek biolentzia gordina erakusten dute. Ekialdean bizi den eta “film konbentzionalagoetara ohituta” dagoen ikuslearentzat maiz harrigarria den biolentzia horrek jantzi beltz eta buruko zapi verdea daraman errealizadore gazte honen leuntasun eta fintasunarekin kontraste bizia egiten du.
Samira Makhmalbafek badu amets bat ere: “Berriz ere Iranen filmatzea nahiko nuke, horrek agian adierazpen askatasuna eta bizi baldintza hobeak ere hara bueltatu direla esan nahiko lukeelako, baina desio hau ez da obsesio bilakatu.Pena handia ematen dit Iranen errodatu ezin izana, hobekien ezagutzen dudan herrialdea baita, nire sustraiak han daude, nire kultura, nire hizkuntza…”