"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Gerra bat pantailan erakusteko modu asko dago. Urrutitik filmatu daiteke, edo oso hurbiletik, eta emaitza guztiz bestelakoa izanen da. Gatazkaren mekanika har daiteke subjektu nagusitzat, eta orduan akziozko film bat izanen dugu, edo, aitzitik, gerraren barneko mikrokosmos bat aukera daiteke trajediaren maila pertsonala nabarmendu nahi izanez gero. Jakina, zuzendariaren borondateak ez ezik, aurrekontuak ere baldintzatuko ditu neurri batean pelikularen tamaina eta ezaugarriak.
Aurtengo Zinemaldian, urrutirago joan gabe, gerraren inguruko bi pelikula guztiz desberdinak ikusi ahal izan dira: alde batetik, Sail Ofizialean, Lu Chuanek zuzendutako City of Life and Death film izugarria, gerraren makinaria bere osotasunean eta krudeltasun ikaragarrian erakusten duena, eta bestetik, Zabaltegiren Zuzendari Berriak sailean, Le jour où Dieu est parti en voyage pelikula txikia, eta txikia diogunean ez gara kalitateaz ari,baizik eta erabili ahal izan dituen bitartekoez. Biek uzten dituzte agerian gerraren gogortasuna,baina esan genezake batek angular handiaz ikusten duela gatazka, hau da, dimentsio guztiak hartuz, besteak ñabardurak eta detaileak ikus ditzakeen teleobjektiboaz edo makroaz filmatzen duen bitartean.
Pelikula belgiar honen hasieratik badakigu gerra bat dagoela, irudi batzuek argi uzten baitigute 1994an Ruandan izandako sarraskia dela gaia. Hala ere, irudi orokorrak berehala galtzen ditugu bistatik eta hasieran emakume tutsi batek eta ondoren honek eta gizon batek hiltzaile hutuengandik ihes egin nahian bizi izandakoa islatzen da.
Gerraren irudi subjektibo bat eskaintzen digu, beraz, Philippe Van Leeuw-en film honek. Momentu batzuetan Terry Georgek 2004an zuzendutako Hotel Rwanda pelikula bikaina ekartzendu gogora, harek ere txikizio hartako gertaera jakin bat hartu zuelako gaitzat. Biek ezin modu eraginkorragoan transmititzen dute sarraski haren bortizkeria guztia, eta teleobjektiboaz filmatuz areagotu egiten da norbanakoaren sufrimendua.
M.B.