"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Filma Lurgan herrixkan (Ipar Irlanda) abiatzen da 1975eko urrian, gazte protestante batek UVF (Ulsterreko boluntarioen indarra) elkartean sartu ahal izateko misio bat beteko du, proba gisa, zenbait lagunekin batera. Helburua familia katoliko bat izutzea da, protestanteen auzotik alde egin dezaten. Plana gaizki aterako zaie eta familia katolikoaren seme zaharrena hil egingo da.
Zenbait urte geroago, telebista programa bat hiltzailea (Liam Neeson) eta biktimaren anaia (James Nesbitt) ‘adiskidetzen’ saiatuko da, Irlanda berriaren bilakaera positiboa erakusteko.
Hori guztia azaltzen zaigu filmeko lehen minutuetan, hortik aurrera, lehenik,bata zein bestea telebista programa honetara joateko arrazoiak kontatzen zaizkigu, hilketak bakoitzari utzi dizkion ondorioak zehatz-mehatz ezagutaraziz. Kamera voyeur bat izango bailitzan erakusten ditu gertakarien bilakaera eta ondoren, biok erredentzioa erdiesteko beharraz dihardu.
“Lehen 25 minutuak hilketaren birsortze zehatza dira, ondorengoa -gogoratu zuen zuzendariak- bi pertsona errealetan oinarritutako fikziozko istorioa da. Izan ere, biktima eta borreroa adiskidetzea baitzen gure helburua. Gogotik saiatu ginen bien elkartzea profitatzen,baina alferrik, ezinezkoa gertatu zitzaigun”. “Are gehiago -gaineratzen du O’Callaghan ekoizleak-, behin filmea osatu eta erakusteko prest izan genuenean ere, ez genuen lortu emaitza elkarrekin ikus zezaten”.
James Nesbitt aktoreak azaldu zuenez, “nire pertsonaia, Joe, ezagutu nuen filmaketa hasi aurretik eta harekin zazpi bat orduz hitz-aspertuan aritu ondoren ohartu nintzen.
Guy Hibbertek gidoian deskribatu zuen bezain pertsona muturreko, oinazetu eta bitxia zela”. Halaber, adiskidetzeari buruzkoa baino gehiago,“norbera bere iraganeko ekintzekin adiskidetzea eta bizitzan aurrera jarraitu ahal izateari buruzko filma dela”, adierazi zuen.
Irlandaren kasua eta Euskal Herrikoa ez dira erabat berdinak, alabaina, noizbait hemen antzeko egoera gertatuko balitz, film honek mahaigaineratzen duen gaiak zer pentsatua ematen du: nola jokatuko genukeen inplikatuak gu izango bagina? Eta konponbidea zein izan zitekeen?. Hauek, besteak beste, pelikulak hizpide dituen ezbaiak.
Gainerantzean, bai Liam Neeson, baita James Nesbitt ere, bikain dihardute pertsonaia oinazetuen larruan, Anamaria Marincak - 4 hilabete, 3 aste eta 2 egun rol labur baina nabarmena du pelikulan, telebista-saioko laguntzailearen paperean. Oliver Hirschbiegelen zuzendaritza lana eraginkorra eta oso egokia izan da (zenbait unetan eta planoen erabilera baliatuz, protagonista bien larruaren barruan murgildu arazten gaitu) eta eszenen giropena, batez ere hilketa gertatu zen garaiari dagokiolarik, berealdikoa da; BBC ekoizpenean sartuta dagoenez, bestela ezin izan zitekeenez.
S.B.