"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Hippolyte Girardot aktore frantziarrak erronka ugari gainditu behar izan ditu, Nobuhiro Suwarekin elkarlanean, Yuki & Nina pelikula egiteko. Zuzendari bezala lan egiten duen lehendabiziko esperientzia izan da eta Nobuhiro Suwa japoniarrarekin batera egin ditu zereginak “horrek dakartzan zailtasunekin”. Izan ere, asiarrak ez du ingeles “tutik” hitz egiten eta frantziarrak ez du japoniera menderatzen. Hori dela eta, bien arteko elkarrizketak itzultzaile baten menpe egon ziren errodaje guztian zehar.“ Bost minutu iraun behar zuten elkarrizketak ordu laurdenez luzatzen ziren askotan elkar ulertzeko arazoak genituelako”, ziurtatu zuen. Baina emaitza “oso ona” izan da eta filma Zabaltegi Bitxiak sailean dago ikusgai.
Gauza hauek guztiei buruz mintzatu zen atzo frantziarra Juan Zavala kazetariak gidatzen dituen Zabaltegi Topaketetan.Jendez gainezka zegoen aretoan esperientzia “berezi” honen inguruko xehetasunak eman zituen.
Jatorri frantziarra eta japoniarra daukaten bederatzi urteko bi neskatilen istorioa kontatzen du Yuki & Ninak. Bi protagonistek basora ihes egitea erabakitzen dute Yukiren gurasoak banantzekotan direla ohartzen direnenean. Gainerakoan, lehenbiziko neskatila bere amarekin Japoniara bueltatuko baita. Eta ez dute hori onartu nahi. Elkarrekin jarraitu nahi dute eta basoa da beraien helmuga berria.“ Bi neskek badakite Yuki Japoniara joaten bada, berriz ere ez dutela elkar ikusiko eta hori ekiditeko edozein gauza egingo dute”, azaldu zuen Girardotek. Filma grabatzen hasi aurretik eduki zuten arazo handienetarikoa jatorri japoniarreko bederatzi urteko neskatila frantsesa aurkitzea izan zen. “Parisen ez daude ezaugarri hauek betetzen dituzten ume asko eta are gutxiago kamera aurrean egoteko prest daudenak”, jakinarazi zuen atzo zuzendariak. Baina azkenean lortu zuten eta Noë Sampy, Arielle Moutel, Tsuyu, Marilyne Canto eta Hippolyte Girardot berak osatutako antzezle taldea lanean hasi zen.
“Errodajea nahiko erraz Joan zen, baina momentu batzuetan ikuspegi ezberdinak izan genituen Suwak eta biok, eta bien arteko bidea bilatu behar izaten genuen”, aitortu zuen zuzendari eta antzezle lanak tartekatu zituen Girardotek. “Suwa dokumentaletan azaltzen den errealitate zalea da eta ni berriz, imajinaziorantz joatearen partaide naiz”, ziurtatu zuen. Hemen ere, tarteko zerbait bilatu behar eta azkenean “neskatilen imajinazioa” erabiltzea izan da konponbidea, filmari “fantatsia kutsua” eman dion osagarria.
Elene ARRAZOLA