"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Pelikula ugari, haietako batzuk oso onak,egin izan dira Ipar Irlandako gatazkaren inguruan. Ken Loach-en Hidden Agenda, Paul Greengrassen Bloody Sunday edo Neil Jordanen The Crying Game adibide gutxi batzuk besterik ez dira. Hauek eta beste askok osatzen duten kalitate handiko film multzoari Oliver Hirschbiegelen Five Minutes of Heaven hau gehitu beharko litzaieke arrazoi askorengatik. Alde batetik, bere balio zinematografikoarengatik, eta, bestetik, denbora luzez gerra bortitz batean ibilitakoen berradiskidetzeari buruzko hausnarketa sakona egiteko aukera ematen duelako.
Hirurogeita hamarreko hamarkadara garamatza pelikularen hasierak. Gaztetxo batzuk Ulster Volunteer Force (UVF) talde paramilitar loialistan sartu dira eta beren lehen atentatua presatzen hasi dira. Biktima ere aukeratu dute, auzo katoliko batean bizi den gizona.Hara iristen direnean, gaztetxoetako bat, pistola eskuan, kotxetik jaitsi eta leihora hurbildu da, baina ondoan, kalean, ume bat jolasten ari da baloi batekin. Aurpegia estalita daraman hiltzaileak tiro egin du etxe barrura, umeari deus egin gabe, eta alde egin du. Hogeita hamar urte baino gehiago pasa direnean, gerra ero hartako bi aldeen arteko berradiskidetzea lortu nahi duen erakunde batek txikitan bere anaiaren heriotza bertatik bertara ikusi zuen gizona eta hiltzailea bildu nahi ditu eta topaketa grabatu, baina orduan bien barneko mamu guztiak azalduko dira, barkamena eskatzea eta ematea zeinen zaila den agerian utziz. Hasiera batean aurreikusitako berradiskidetze zibilizatuak huts egin ondoren, gauzak beste modu batean konpontzen saiatuko dira.
Aktoreen lanak garrantzi handia du pelikula honetan. Liam Neeson eta James Nesbitt guztiz sinesgarriak dira beren paperetan. Giroa ere primeran sortua dago, bai urte latzenetakoa bai gaur egungoa. Eta kontakizuna bikaina da denbora guztian, oso erritmo bizikoa. Bukaeran western baten tankera ere hartuko ahal zaio filmari.
Ikusi dena benetan ez zela gertatu esaten zaigu bukaera aldera, baina berdin zaigu, ongi baitakigu gerta zitekeela inolako arazorik gabe. Ingalaterran edo Irlandan egindako beste pelikula batzuk ez ezik, barkamena eta berradiskidetzea gai dituen beste film bikain bat etorri zait burura, italiarra azken hau, Mimmo Caloprestik zuzendutako La Seconda Volta, Francesca Antonellik eta Nanni Morettik protagonizatua. Barkamenarena eta mendekuarena sekula bukatzen ez diren gaiak baitira, eta inguru honetan ere badakigu zerbait horretaz.
M.B.