"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Lanak eginda ailegatu da Rigoberto Perezcano zuzendari mexikarra Donostiako Zinemaldira. Iaz Norteado pelikularekin Industriaren Zinema Eraikitzen Saria, TVE Saria eta Casa de América Saria irabazi zituen eta aurten ekoiztutako filma aurkeztera bueltatu da amerikarra. Lan horretarako, Sonia Couoh eta Alicia Laguna aktoreak eta Edgar San Juan ekoizlea ekarri ditu alboan. Atzo, lehenengo Zabaltegi Topaketan hartu zuten parte lauek eta guztientzat Donostian egotea “ohorea” dela adierazi zioten saioa gidatu zuen Juan Zavala kazetariari. “Norteado pelikula egitea ahalbidetu ziguten sariek, benetako leihoak izan dira guretzat”.
Espainia eta Mexiko artean grabatutako pelikula honek Andresen istorioa kontatzen du, Mexikotik Ameriketako Estatu Batuetara ihes egin nahi duen gizasemearena. Muga zeharkatzeko saiakera batek, ordea, Tijuana herrira eramaten du protagonista eta bertan behin ere pentsatuko ez lukeen maitasun triangeluan aurkituko du bere burua. Cata, Ela eta Asensio izango dira arduradunak.
“Mexikon egunero topa daitekeen historia kontatzen du Norteado-k”, jakinarazi zuen filmaren zuzendariak. “Gure herrialdean migrazio ugari dago.Taxi gidaria, egunkari saltzailea. Edozein da emigratzailea. Leku guztietan topa daitezke horrelako kasuak”, zehaztu zuen Alicia Laguna aktoreak.
Hala ere, errealitate kutsuaz gain, fikziozko gehigarriak ere erantsi dizkio Perezcanok Norteado ri: “Bush eta Schwarzeneggerren argazkiak jarri genituen mugako polizien etxoletan, baina nahita egin genuen hori horrela izaten ez den arren”.
Pelikula ahalik eta egiazkoena izateko, Mexiko eta AEBen artean kokatzen den basamortuan errodatu zituzten eszenak, horrek sor ditzakeen “arazotxoekin”. Izan ere, Edgar San Juanek gogoratu zuenez, protagonista atxilotzen ari direneko momentua grabatzeko,Ameriketako poliziaren auto faltsu bat erabili zuten “baina mugako polizia arduratu egin zen”. “Bat-batean helikoptero bat ikusi genuen gure gainean hegan eta bertatik, susmagarriak ginelakoan, errefortzuak eskatu eta patruila bat bidali ziguten ea zer gertatzen zen galdetzeko”, ekarri zuen gogora ekoizleak. “Amerikarrak nahiko erretxin daude segurtasun gaiekin”, gaineratu zuen.
Pasadizoak pasadizo, errodajea “zoragarri” joan zela azaldu zuen zuzendariak. “Orain jendearen erantzuna ikusi ondoren, sei hilabeteko atsedena hartuko dut”, aurreratu zuen mexikarrak Victoria Eugeniako Club aretoan egin zen Zabaltegi Topaketan. Hala ere, ez du etenik egingo bere lanean. Datozen hilabeteetan Carmín tropical proiektua gauzatuko du “duela hamar urte buruan daukadan lana”.
Elene Arrazola