"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Pelikula bitxia da 77 Doronship, Pablo Agüeroren bigarren luzemetraia, arraroa. Arrarotasun horrek alde batetik zailago egiten du filma, baina beste alde batetik nolabaiteko xarma ematen dio, gauza konplexuek izaten duten xarma ulergaitz hori. Eta egia da film honetako gauza asko ez ditugula ulertzen, eta, hala ere, hipnotizaturik bezala begiratzen diegu protagonistei, horrela eginen ez bagenu istorioaren zentzuak ihes egin lezakeelakoan. Hitz batean laburtu behar balitz pelikula honi buruzko iritzia, sailkaezina izanen litzateke.
Anne Parisen bizi da, haurdun dago eta bikotekideak etxetik alde egin du. Istorioa ezaguna da, egunero errepikatzen da munduan zehar, milaka senargaik milaka andregai uzten dituzte, eta alderantziz ere, hiri eta herri guztietan, eta gehienetan abandonatutako emakumeak eta gizonak aurrera egiteko gauza izaten dira, bizimodu berri bati ekiteko. Beste gauza bat da film hau berezia egiten duena: egun batean txirrina jotzen dute Anneren pisuan, eta atea irekitzen duenean agure bat topatzen du aurrez-aurre, ihes egin berri duen senargai argentinarraren aitona, bere frantses berezia hitz eginez eta gauzak oso modu argian esan gabe, bertan geldituko dela adieraziko diona. Eta horrela, biak elkarrekin bizitzen hasiko dira, agure bohemioa eta erditzeko oso gutxi falta zaion neska gaztea. Elkarbizitza modu naturalean doala
ematen du, tentsioak ez dira kasik nabaritzen eta patuak elkartu balitu bezala jokatuko dute bi protagonistek, eztabaidarik gabe, zailtasun berezirik gabe, elkarri azalpenik eman gabe.
Batzuek esango luketen bezala, topikoari eutsi behar zaio eta film argentinar batean psikoanalisiari nolabaiteko tokia egin behar zaio. Nondik datorren ongi ez dakigun amets bateko irudiak ageri dira tarteka. Pelikularen bitxitasuna areagotu baizik egiten ez duen beste elementu bat. Azkenean, ez dakigu gauza handirik ulertu dugun, datuak falta zaizkigu eta elipsiak nonahi agertzen dira, baina misterioa ederra izan daiteke. Eta pelikula hau misterioz josita dago, misterioz eta azaldu gabeko egoerez.
M.B.