"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Haurrek inauguratu zuten atzo Zinemaldia Anoetako Antonio Elorza belodromoan proiektatu zuten Ponyo Itsaslabarrean filmarekin. Urtero bezala, jaialdiko lehenbiziko egunarekin, ikastetxeei zuzendutako zinema saioak hasi ziren atzokoan, eta ohi bezala, ilusio eta urduritasun aurpegiak ikusi ahal izan ziren emanaldiaren aurretik. “Gauza asko elkartzen zaizkie; ikasturte hasiera, lagunak berriz ikustea eta gainera, zinemara etortzea”, azaldu zuen Belén ikastetxeko irakasletako batek, Itsasne Agirrezabalak. “Lehen Hezkuntza guztia ekarri dugu, 120 ikasle inguru, eta gehienek ezagutzen dute esperientzia, baina lehendabiziko aldian bezain alai daude”, erantsi zuen.
Guztira, 2.200 ikasle inguru elkartu ziren belodromoko lehen hitzorduan. Gehienak donostiarrak ziren, baina Gipuzkoa osoko zentroetako haurrak ere ikusi ahal izan ziren. “Gu Oiartzundik etorri gara, Haurtzaro ikastolatik, eta oso pozik gaude”, adierazi zuten 6 eta 7 urteko Ane eta Alaznek.
Atzerapenak
Saioa 10.00etan hasi behar bazen ere, euria eta eguraldi txarra zirela eta, atzerapen ugari izan ziren eta filma ez zen 10.15ak arte hasi. Hala ere, ikusleek ez zuten aspertzeko betarik izan Aitzpea Goenaga zinema zuzendariak mikrofonoa hartu eta haurrekin hitz egiten hasi baitzen. “Non daude Sagardo Corazónekoak?”, galdetzen zuen eta ikastetxe horretako ikasleak zutitu eta oihuka “hemen, hemen” erantzuten zioten. “Eta San Ignacio de Loiolakoak?”, “ikusi, ikusi, hemen gaude, ezkerretan”, jarraitzen zuten. Berdina egin zuen Orokieta, Larramendi, Compañía de María, Ikasbide, Niño Jesús de Prada, La inmaculada, San Millán, Catalina de Erauso, Aizarna eta Herrera ikastetxeekin.
Goenagaz gain, Donostiako Zinemaldiko zuzendariak, Mikel Olaciregik, ere hartu zuen hitza txikiei ongietorria egin eta filmaz gozatzeko esateko. Bitartean, falta ziren autobusak ailegatzen joan ziren eta ume guztiak eseri orduko, argiak itzali zituzten. Momentu horretatik aurrera, haurrak isildu eta animazio japoniarraren maisua den Hayao Miyazakiren Ponyo Itsaslabarrean filma hasi zen.
Arrain txikiaren istorioak txundituta utzi zituen ikasleak eta barre algara batzuk ere entzun ahal izan ziren aretoan. “Izugarria da belodromoko proiekzioek zenbateroinoko atxikimendua daukaten”, jakinarazi zuen Goenagak. “Saio hauekin hazi diren belaunaldi askok maitasun handiarekin oroitzen dituzte txikitako monetu horiek”, gehitu zuen artistak.
E.A.