"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Tennessee Williams idazlearen unibertso uherra indar dramatiko zirraragarriz erretratatu zuen Richard Brooks zinemagileak Cat on a Hot Tin Roof (1958) eta Sweet Bird of Youth (1962) harribitxietan. Maitasunaren orbainak, gizartearen itxurakeria eta denboraren iragankortasuna baititu gogoetagai In Cold Blood (1967) gordinaren egileak aipatu film esanguratsuetan. Paul Newman aktore aparta da, hain justu, idazle estatubatuarrak ehundutako Amerika sakonaren armiarma-sare itogarrian harrapatutako antiheroi existentzialista. Gizarte arauen aurka matxinatzen den gazte alderraia.
Cat on a Hot Tin Roof (1958) maisulanean amets amerikarraren ifrentzua biluzi egiten du Richard Brooks finak. Bortitz. Garratz. Hipokrisiaren pozoiaz istorioaren atmosfera kiskalia zipriztinduz. Patriarkaren urtebetetzea ospatzeko bildu da familia. Hil-hurren dago agurea eta seme zaharrenak heredentzia du xede bakar. Seme gaztea,ordea, etsipenean galdu da. Alkoholaren gatibu. Erruduntasunaren meneko. Homosexualitate erreprimituari eutsi ezinik. Ohantzean zain duen kateme sentsuala ase ezinda.
Aitak sinbolizatzen duen arrakasta eredua,kultura anglosaxoian hain errotua dagoen self-made mansakratua, xehatu egiten du erabat Brick seme alkoholikoak bere jarrera zintzoarekin. Bihotz urratuak josita, barne korapiloa askatuta, hipokrisiaren harresiak eroriko dira aita eta semearen artean. Sentimenduak ondasunak baino preziatuagoak direla aitortuko diote- eta elkarri supituki, maitasunari ateak zabalduz. Orduantxe soil-soilik aintzat hartuko du Paul Newmanek ere Elizabeth Taylor erakargarriaren pasioa.
Zurikeriaren eta zintzotasunaren artean kulunkatzen da, aldiz, Paul Newmanen pertsonaia Sweet Bird of Youth (1962) gazigezan. Mugak lausoagoak direlako, apika. Maite duen neskaren aitak hartuko du patriarka bihozgabearen rola oraingoan. Hala, arrakastaren bila Hollywoodera jo beharko du Chancek. Alta, enara ilunen gisara bueltatuko da habira. Itzulera bidaian limurtutako zinema izar alkoholikoari txantajea eginez, itxaropenaz mozorrotu nahi izango du porrota, baina. Galdutako gaztaroa berreskuratzeko. Abandonatutako maitearen bihotza kaiolatzeko, nolabait. Hipokrisiari ezin zaiola hipokrisiarekin aurre egin ikasiko du, ostera. Berandu. Baina garaiz.
Diru goseak eta moralismo zaharkituak usteldutako gizarte puritanoaren itxurakeria salatzeaz gainera, erbesteratutako sentimenduen aberriratzea ere aldarrikatzen du Richard Brooksek. Orobat, sakonak dira elkarrizketak, apartak interpretazioak eta unibertsalak gaiak. Bizitza nahikoa antzezlan ona zela aitortu zuen behin Tennessee Williamsek. Nahikoa ona… hirugarren ekitaldiarengatik ez balitz. Brickek eta Chancek azken ekitaldiko ezinezko amodioak posible egiten dituzte, ordea. Hala, gizartearen hipokrisiaren aurka borrokatzen den galtzailearen erredentzioa bilakatzen da maitasuna.
Iñaki Lazkano