"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Espainia osotik eta atzerritik etorritako neska-mutilak dira 17 eta 21 urte bitarte dituzte eta ikasleak dira gehientsuenak. Baina, amankomunean duten beste gauza batek ekarri ditu Donostiara. Zinemazale amorratuak dira guztiak eta aurtengo Zinemaldiko Gazteriaren Epaimahaia osatuko dute. Hori dela eta, datozen egunetan 27 film ikusiko dituzte, hiru bat eguneko, eta puntuazio bat emango diote bakoitzari. Horrela, balorazio onena jasotzen duen pelikulak Gaztea Saria-Premio Gaztea de la Juventud jasoko du Euskadi Gaztea irratiaren eskutik.
“Ez dut kinielarik egin. Pelikula guztiak ikusi eta orduan erabakiko dut zein den gehien gustatu zaidana”, jakinarazi zuen atzo Alazne Itxasok Gazteriaren Epaimahaiko kideek egin zuten lehendabiziko bileraren aurretik. Astigarragako gazte honek Andoaingo Zine eta Bideo Eskoan ikasten du eta bere adiskide Garazi Etxeberria ataundarrarekin zazpigarren arteaz gozatzeko prest da. Arkitekturako ikasle diren Beatriz, Tamara, Gorka eta Joanak ere “gogotsu” eman diote hasiera bederatzi eguneko esperientzia berriari.“Espero dugun bakarra film onak ikustea da”, esan zuen azkenak.
Maialen Irazusta eta Ainhoa Zuriarrain donostiarrek oporrak aprobetxatu dituzte epaimahaian parte hartzeko. Lehenengoaren ahizparen gomendioei jarraituz eman zuten izena eta “zinemara astero joaten diren horietakoak” ez diren arren, oso gustura daude esperientziarekin.
Iaz Martín Carranza eta Victoria Galardiren Amorosa soledad saritu zuen Gazteriaren Epaimahaiak. Duela bi urte, berriz, Nadine Labakiren Caramel. Zein izango da aurtengo irabazlea? Zinemaldiko azken egunera arte itxaron beharko da erantzuna jakiteko gazteek orduan iragarriko baitute epaia. Ohi bezala, Palmares Ofizialarekin batera ezagutaraziko dute aukeratutakoaren izena eta Gazteriaren Itxiera Ekitaldian banatuko dituzte sariak.
Lanaren garrantzia Zabaltegiko koordinatzailea den José Ángel Herrero-Velardek gazteek egingo duten lanaren garrantzia azpimarratu zuen atzoko ekitaldian: “Gaurko epaileak eta biharko zinemaren harrobia zarete”. Herrero-Velardek, gainera, duela urte batzuk Gazteriaren Epaimahaiean egon zen Borja Cobeagaren kasua aipatu zien. “Pagafantaseko zuzendaria zuen lekuan egon zen duela urte batzuk eta ikusi noraino ailegatu den”, adierazi zuen. Marina Páez, Paula Fernández eta Irene Riverok ez dute “hain urrun” ailegatzea espero, baina Ikus-entzuteko Komunikazioa ikasten dute eta etorkizunean zinemagintzan lan egin nahiko lukete. Helburu horrekin, Madril eta Ceutatik bidaiatu dute Donostiaraino.
Berrikuntza eta Hiriburutza delegatua den Marisol Garmendiak “ongietorria” eman zien, bi neska hauek bezala, kanpotik etorritako guztiei eta “hiritarren parte hartzearen adibidea” zirela esan zien. “Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburu izateko hautagaietako bat da eta gure ardatzetako bat zuek adierazle zareten herritarren energia hori da”, jakinarazi zuen.
Gazteek txalo zaparrada batekin agurtu zituzten antolatzaileak. Aurretik asetzeko adina zinema emanaldi izango dituzte. Lehenbizikoa gaur, 12.00etan, Sail Ofizialeko Yo, también filmarekin.
E.A.