"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Ezagutzen ditugun pelikula txinatar gehienen estilotik aldentzen eta bereizten da Seasons in the Sun hau. Gaiari eta pertsonaiei dagokienez, hurbilago egongo litzateke Mendebaldeko edozein ekoizpenetatik Zang Yimouren film batetik baino, eta hori Yimou maisuak mota eta estilo guztiz desberdinak jorratu dituela bere ibilbidean zehar, kondaira magikoetatik errealismo sozial gogorreneraino. Dena dela,Txinaz ari garela gertatu ohi denez, inoiz ez da paralelismo garbirik ikusten, eta Zhang Huilinek zuzendutakoa ez da gazteriari buruzko pelikula soil bat, gazteenekin batera herrialdearen beraren nolabaiteko argazkia erakusten baitigu.
Artea ikasi nahi duten bi lagunek egun osoa ematen dute elkarrekin probetxuzko deus handirik egin gabe. Musika entzutea gustatzen zaie, rock and rolla, eta alde batetik eta bestera ibiltzea. Pintura akademian neska bat ezagutu dutenean zerbait aldatzen hasi da, eta baita nolabaiteko tentsioak sortu bi adiskideen artean. Neskak askoz ere eskarmentu handiagoa du bizitzan eta maitemintzea ez da zaila. Baina zalantza asko dituzte denek,gaztaroa zalantzen garaia baita eta heldutasuna urruti dago artean.
Ohituta geunden film txinatarretan bertako operaren doinuak entzuten, baina hemen grungea entzuten dugu, Nirvanaren musika. Gazte protagonistek diskoen kopia piratak saltzen dituzte diru pixka bat ateratzeko, etxean gitarra elektrikoak dituzte eta ez dirudi ideologiak beren bizimodua asko baldintzatzen duenik. Hitz gutxitan esateagatik, gero eta hurbilago daude beren adineko gazte europar nahiz amerikarrengandik. Eta Mendebaldeko hirietan bezala,indarkeria ere azalduko da.
Esan liteke adiskidetasun baten istorioa dela Seasons in the Sun,sortzen ari den Txina berrian kokatutako harreman baten istorioa eta erretratu bat, Beijing bezalako hiri batean aurki daitezkeen milioika erretratuetako bat, eta beharbada bere meriturik handiena orain arte pelikula txinatarretan kontatu dizkiguten gauza gehienetatik aldendu izana da, beste zine mota bat erakutsi izana, zineak ere herrien garapena eta aldaketak erakusteko balio baitu.
M.B.