"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Beharbada puntu inozo bat du The Firm Land filmak, baina horrek nolabaiteko xarma ematen diola aitortu behar da. Gainera, zinemaldietan drama ugari ikusi ohi dira eta batzuetan hau bezalako filmek hainbeste sufrimenduren zama arintzen lagun dezakete. Egia da hala eta uztiz ere, hemen heriotz batzuk jarriko dutela martxan istorioa, baina hori bigarren maila batean geratzen da herriko agureen ibilera xelebreak hasten direnean.
Kostaldeko herriska lasai batera heriotza iritsi da, izurrite hilgarria, hiesa, eta herritarrek ez dakite zer egin honi aurre egiteko. Hirira laguntza bila joatea erabaki dute batzarrean eta mezulariak aukeratzeari ekin diote. Esan diete hainbat abokatu jakintsu bilatu behar dituztela eta hauek lagundu eginen dietela, baina gauzak ez dira hain errazak izanen. Hirira iritsita, dena da berria haientzat, dena da ezezaguna, eta ez dirudi jendea laguntzeko prest dagoenik. Dirua laster agortuko zaie, baina azkenean gizon batek eta emakume batek lagunduko diete. Hauei esker Osasun Ministerioan sartzea lortuko dute, baina hango leihatiletan burokrazia madarikatuarekin eginen dute topo, gizakiak ikusi beharrean, aurrean zenbaki hutsak ditzutela uste duten funtzionariekin. Hitz ederrak baino ez dituzte lortuko, baina hala eta guztiz ere izandako esperientziaren oroitzapen ona gordeko dute herrira itzultzean, batez ere agur moduan egin zuten festarena.
Bere sinpletasunean, pelikula ederra da The Firm Land, eta gainera sinpletasunaren nolabaiteko aldarrikapena ere egiten du. Hirira joandako herritarren alde jarriko da ikuslea berehala eta laguntzen ez dieten abokatuak, funtzionario hotzak, polizia handiusteak edo gobernuko burokratak gorrotatzen hasiko da. Momentu batzuetan nolabaiteko haize freskoa sentitzen da hain urrutitik iristen zaizkigun pelikula hauek ikusten: mendebalde honetan horrelako egoera baten aurrean gehienok amore emanen genukeen; agure indiar hauek, berriz, azken momentura arte borrokatzeko prest daude, arma bakartzat burugogorkeria erabiliz. Eta burugogorkeria oso arma arriskutsua izan daiteke, alajaina.
Hasiera batean sinbolismoz beteriko parabola ematen duena piskanaka-piskanaka zehaztuz joanen da, baina inoiz ez ditu erabat galduko barnean gordetzen duen inozotasuna eta freskotasuna.
M.B.