"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Amorosa Soledad aurkeztu dute Martín Carranza eta Victoria Galardi argentinarrek.“Komedia dramatikoa da; ikusleek barre egingo dute, baina ez gag-engatik, protagonistaren egoera patetikoarengatik baizik”, esan du Carranzak.“Filmak ez du,berez, berregarria izatea helburu. Protagonistari gertatzen ari zaiona erreala da, sufritzen ari da. Be-re arazoak nola bizi dituen bihurtzen du barregarri”, gehitu du Galardik. Carranzarekin batera filma zuzentzeaz gain, gidoia ere idatzi du Galardik.
Senargaiak utzi duen neska gazte bat da protagonista, Soledad. Porrot sentimental berri bat saihestu nahian, bizpahiru urtez bakarrik egotea erabaki du. Alabaina, mutil bat ezagutu du eta harekiko harremana Soledadek espero ez bezala hasi da zertzen. Horretan ari dela, senargai ohiak deitu eta berriz elkarrekin hastea proposatu dio.
Soledad pertsonaia gaixotia da, hipokondriakoa. Gainera, gauzak ez zaizkio espero bezala ateratzen, eta erabaki bat hartu eta justu kontrakoa egiten du. Ez du ulertzen zer gertatzen ari zaion eta ez da batere ondo sentitzen.“Alde horretatik, jende askok bere burua pertsonaiarengan islatuta ikus dezake”, nabarmendu du Carranzak.
“Hasiera-hasieratik garbi ikusi genuen psikoanalizatu gabeko protagonista nahi genuela –adierazi du Galardik–. Argentinan oso ohikoa da psikoanalisia, guk geuk terapia egiten dugu, baina Soledad psikoanalisiaren makulurik gabe behar genuen.
Psikoanalizatu gabeko emakumea dela hizkeran ere islatzen saiatu gara. Esaterako, tristura sentitzen duela dio; itolarria edo larrimina sentitzen duela esan izan balu, berriz, gertatzen ari zaiona ulertzen duela edo, behintzat, ulertzen saiatzen ari dela adieraziko luke”.
Protagonista nagusiaren rola Inés Efronek jokatu du. Amorosa Soledad ez da aktore honek Zinemaldian aurkeztu duen film bakarra, Sail Ofizialeko El nido vacíon ere parte hartu baitu. “Sarri, film dramatikoetan aritzen naiz; Amorosa Soledad, berriz, komedia moduko bat da, eta aldatzea beti da atsegina –aitortu du aktoreak–. Zuzendariek zehatz-mehatz zer nahi zuten ulertzen saiatu naiz eta horren arabera landu dut pertsonaia. Zorionez, horretarako nahikoa denbora izan dut, urtebete-edo”.
Filmean parte hartzen duten gainerako aktoreak protagonista nagusiarekin ahal bezain ongi uztartze aldera, Efronek berak castingean lagundu die zuzendariei. “Oso eskuzabal jokatu du –aitortu du Galardik– eta bene-benetan eskerrak eman beharrean gaude”.
Zinemagintzan eskarmentu handia dute Carranzak eta Galardik. Hala ere, Amorosa Soledad da zuzendu duten fikziozko lehen film luzea. Oraindik bukatu gabe zegoela, Toulouseko Zinemaldian aurkeztu zuten, Zinema Eraikitzen atalean. Han hautatu zuten Donostiarako, eta hori akuilua izan da filma bukatzeko.
M.A.