"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Meryl Streepek hunkituta jaso zuen atzo bere zinema ibilbidea goraipatzen duen Donostia saria. Aurrez, ehunka lagun azaldu ziren Kursaaleko atarira, ekitaldiaren aurkezle Eduardo Noriegaren hitzetan “antzezpenaren mito handienetako bat” bertatik bertara ikusteko irritan.
New Jerseyko aktorearen ibilbide oparoa laburbiltzen duen bideoa proiektatu ondoren, aurtengo Epaimahai Ofizialeko buru Jonathan Demme zinegilea paratu zen agertokian Streepen laudorio egiteko. Mantxuariako hautagaia filmean bere zuzendaritzapean jardundako Streepi buruz bost dohain nabarmendu zituen: “Itxura ona du, buru argia, sekulako irudimena, adoretsua da eta gainera, onbera hutsa”, azpimarratu zuen Demmek omenduari dei egin aurretik.
Hartara, soineko beltzez jantzita eta apainduratan urri agertu zen eszenatokira Kramer vs. Kramer eta Sophie’s Choice filmengatik dagoeneko bi Oscar sari irabazita dituen Meryl Streep aktoresa aparta.
Ohorezko txaloaldia baretu zenean, Noriegak belaunikoz emandako garaikurra bularraldearen kontra besarkatzen zuela hasi zen eskerrak emanez: “Lehenik, zeruan dauden nire gurasoei”, eta gero, bere aktorekideei, “errudun sentitzen naiz sari hau niretzat bakarrik jaso izanaz”. Azkenik, aktore izateaz harro zegoela aitortu zuen.