"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Sail Ofizialeko lehiaketak drama eta familia uztartzen dituen beste film bat eskaini zigun atzo. Hain zuzen ere, Suitzan jaio baina Quebecera bizitzera joan zen Léa Pool zuzendariaren Maman est chez le coiffeur izenburuko lana.
1966ko udan, Kanadako landa zelaian, amaren bat-bateko abandonuak familia hankaz gora jarriko duela konturatuko da Élise nerabea. Haren anaia Cocok kontsolatzeko jostailuzko super ibilgailu bat eraikitzen duen bitartean, txikiena, Benoît, bere barne munduan bilduko da. Aita, bestalde, egoera gainditu nahian dabil besterik gabe. Élisek galduta dagoen familiaren lema hartzea erabakiko du hura salbatzeko azken saiakera etsian.
Abandonuaren gaiarekin “interesatua eta hunkitua”agertu zen zuzendaria, bai berak baita filmeko gidoilari Isabelle Hébertek ere amaren abandonua sufritu baitzuten umetan. Hori dela eta, halako egoeratan “seme-alabek sufritzen dutenaren bitartez gurasoen drama” islatzen saiatu dira biak ala biak, seme-alabak biziki maite dituen arren haingandik aldentzeko erabakia “pantailan justifikatzeko” erronkak adoretuta. “Gaur egungo kulturan oraindik tabutzat jo daitekeen gaia izaki adierazi zuen errealizadore suitzarrak-, pentsa zerbaterainoko arbuioa izan zitekeen 60eko hamarkadan; areago, senarraren fideltasunik eza beste gizon batekin gertatua bazen. Garai hartan, homosexual hitza bera ere asmatu gabea baitzen”.
Zine-zuzendari lanetan hasi aurretik irakasle jardundako Léa Pool ume nahiz nerabeekin errodatzen ohituta dago bere aurreko filmeetan, eta Maman est chez le coiffeur lanerako beste kanadiar pelikula baten eragina jaso izana onartu zuen, Léolo kultuzko filma alegia, 1992an zendutako Jean-Claude Lauzonek idatzi eta zuzendutako haurtzaroari buruzko azterketa poetiko eta zimurtsua.
Gaur egungo kanadar zinemaren gainean ere mintzatu zen zinemagilea: “Gaingiroki azalduta, Europako eta Estatu Batuetako zinemen erdibidean kokatuko nuke kanadako zinemagintza. Sarritan Europako asmo intelektualak dituena, baina gehienetan Estatu Batuetakoaren molde ikuserrazekin gauzatzen dena. AEBetako zinema independentearen ildoari jarraitzen dio, oro har”, azaldu zuen.
Bestalde, film honek beste izen berezi bat utzi du gure begi-ninietan, Marianne Fortier neska aktore gaztearena, Éliseren pertsonaia hezur-mamitzen duenarena alegia. Etorkizun oparoa du neska honek antzepenaren munduan.
S.B.