"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Akira Kurosawa maisuaren zinema ezin zitekeen Japonia Beltzean atzera begirako interesgarritik at geratu. Rashomon (1950), Ikiru (1952) eta Sichinin no samurai (1954) maisulan entzutetsuen itzalpean benetako harribitxi ilunak ezkutatzen baitira. Yoidore Tenshi (1948), Nora Inu (1949), Warui yatsu hodo yoko nemuru (1960) eta Tengoku to jigoku (1963) perla beltzak dira, apika, esanguratsuenak.
AEBetako zinema beltzaren eragina ukaezina den arren, neorrealismo italiarraren zantzuak ere argi nabari daitezke maisu japoniarraren zinema beltzean; 40ko hamarraldiaren bukaeran errodatutako pelikula gordinetan, bereziki. II. Mundu Gerrak kiskalitako Japonia ilunaren baitan sortutako zinema beltza da, uherra oso, non biolentzia eta ustelkeria nagusi diren. Horrezaz gainera, gogoeta moralik ere ez da falta.
Etikak eta kezka sozialak zipriztindutako zinema beltz horren paradigma da Nora Inu (1949) aparta. Murakami detektibeari –Toshiro Mifune– pistola lapurtuko diote autobusean. Desohoreak eragindako saminarekin aski ez balu bezala, kontzientzia alhatuko zaio lapurtutako pistola hiltzaile baten eskuetara iritsi ondoren. Hortaz, arma berreskuratzen ahaleginduko da kosta ahala kosta. Pasarte horretaz, hain justu, baliatzen da Kurosawa gerra osteko Japoniaren errai ustelak biluzi ahal izateko. Vittorio De Sicaren Ladri di biciclette (1948) maisulan neorrealista gogora dakartzaten plano ilunen bitartez gaizkilez, prostitutez, lapurrez eta esperantzarik gabeko gizakiz jositako Tokioko auzune txiroetan barrena gidatzen du eta ikuslearen begirada; salaketa sozialari leku eginez. Hala, hiltzailearen jarrera justifikatu ez arren, pobreziak usu galbidera bultzatzen duela iradokitzen da filmean. Lirismoz zauritutako azken dueluaren ostean, detektibe gaztea eta hiltzailea lore artean arnasestuka erortzen direneko eszenak filma zabaltzen duen zakur amorratuaren oroimen mikatzaz erasaten gaitu. Finean, biak dira-eta txirotasunaren biktima. Hari mehe batek baino ez ditu bereizten haien patuak.
Zinema beltz estatubatuarraren eragina ageriagoa da Tengoku to jigoku (1963) thriller ilunean. Izen handiko zapata-enpresa baten akziodun nagusienetakoa da Gondo –Toshiro Mifune berriz ere–. Enpresaren jabe egitekotan dela, haren semea bahituko dute. Hasieran, ordansaria ordaintzeko prest dago. Bahitutakoa bere txoferraren semea dela ohartu bezain laster, baina, iritziz aldatuko da. Etikak pisu handia erdiesten du beste behin. Dilema moral lazgarri batean aurrean jartzen du eta Kurosawak Gondo enpresaria; gutiziaren eta gizatasunaren artean aukera egin beharko baitu.
Lokarri etikoa askatu ahala, prostituta, drogazale eta gaizkileen kale itsuetan harrapatuko gaitu maisu japoniarrak enegarrenez. Kutsu neorrealista hain agerikoa ez den arren, bahitzailearen eta Gondoren arteko azken elkarrizketan txirotasunaren marka saminak aurki daitezke; txabolen munduaren eta luxuzko jauregien arteko dialektika mingarriaren arrastoak, alegia. Zerua eta infernuaren arteko amildegia… Horixe da Kurosawaren zinema beltzaren aberastasunaren gakoa. Generoaren berezko kodeak ez ezik, gogoeta etikoa eta kezka soziala ere bere diskurtsoan barneratzeko duen gaitasuna.
Iñaki LAZKANO