"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Sinopsirik irakurri ez bada, kostatzen da Derrière moi filmaren istorioan sartzea; hasieran ez dugu ulertzen bakar-bakarrik bidaiatzen ari den emakumea zertan ari den, zer bilatzen duen, baina piskanaka-piskanaka konturatzen joanen gara zein ikaragarria den bere helburua: adin txikiko bat galbidera eramatea, prostituzioaren munduan sarraraztea. Prozesu hau guztia, gainera, oso modu hotzean kontatzen zaigu denbora guztian. Kontatzeko modu honek areagotu egiten du ikuslearen amorrua. Pelikula bat besterik ez da, jakina, baina zine mota honek gehienetan munduan gertatzen dena isladatzen du, eta zenbat neskato ez ote diren antzeko egoera batean egonen, “glamour”-ez beteriko mundu bat aurkituko dutela sinetsita errealitatean putetxe batera daramatzatenean.
Honengatik guztiarekin, itxura batean egoera gogorrik ez badago ere, oso errealitate gordina erakusten du Rafaël Ouellet zuzendariak. Joku bat ematen du denak, ehiztariak –prostituzioa utzi nahi duen emakumeak- be-re biktimaren konfidantza bereganatu behar du, adiskidetu, eta ondoren neskatoa bere ingurutik aterarazi. Prozesu hau oso modu zehatzean erakusten zaigu, eta ikuslearengan sortzen den artegatasuna ikaragarria da, berehala ulertzen baita amua irentsiz gero –eta irentsiko du, seguro-, neskatoarenak egin duela.
Debate sutsuak sortzen di-tu gizartean prostituzioak. Batzuk uste dute besterik gabe debekatu beharko litzatekeela eta bezeroen kontra jo; beste batzuk, ordea, legeztatzearen alde azaltzen dira zalantzarik gabe emakumeek beren gorputzekin nahi dutena egiteko duten eskubidea aldarrikatuz, nahiz eta egunkarietan oso maiz agertzen diren beren burua prostituitzera behartzen dituzten emakumeen kasuak. Eztabaida horien guztien gainetik, nolabaiteko adostasuna dago gizartean adin txikikoen inguruan; hala ere, umeak eta gazteak egunero behartzen dituzte nahi ez dituzten sexu harremanak izatera, eta ez bakarrik Tailandian edo herrialde txiroetan, pelikula kanadiar honek modu ezin argiagoan erakusten duenez.
Ez dago salaketa ozenik filme honetan, eta ez du behar. Salaketarik gabe ere hotzikarak sentiarazten ditu nerabea seduzitu nahian erabilitako estrategia maltzurrak. Alde horretatik, pelikula eraginkorra da Derrière moi, pentsatzekoa baita horixe lortu nahi duela, ikuslearen izua egoera ikaragarri baten aurrean, eta horreterako ez du izugarrikeria handirik behar izan.
Bi emakumeren arteko harremanaren eta gezur baten inguruko istorioa baino askoz gehiago da Derrière moi, eta horregatik uzten gaitu pentsati bukatu eta gero ere. Horrek asko adierazten du pelikula honen alde.
M.B.