"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinemaldiak aurkeztu zituen atzo Jia Zhang Ke zuzendari txinatarraren bi film, Er shi si cheng ji/24 City eta He shang de ai ping/Cry Me a River, aurten Canneseko eta Veneziako sail ofizialetan hautatuak, hurrenez hurren.
Er shi si cheng ji/24 City film luzea da. Estatuko 420 zenbakidun lantegiaren berri ematen du. Desagertzear dago, eta orubean 24 City izeneko luxuzko auzo bat eraikitzeko asmoa dute. Hainbat pertsonen testigantzen bidez. Jia Zhang Kek lantegiaren historiaren berri eta, azken batean, Txinako historiaren zati garrantzitsu baten berri ere ematen du.
Joan Chen aktorea, aurtengo Zinemaldian Altadis-Zuzendari Berriak saileko epaile-burua, filmean parte hartzen duten pertsonetako bat da. Jia Zhang Kek etortzerik izan ez duenez, Chenek berak aurkeztu zuen Er shi si cheng ji/24 City Principe 9 aretoan.
“Filmak –esan zuen– bi belaunaldi islatzen ditu, komunismoaren esperantza bizi izan zuena eta beste esperantza bat bizitzen ari den egungo belaunaldiarena. Gaur egungo Txinari egindako begiratua ere bada. Izan ere, Txina oso azkar aldatzen ari da, eta aldaketa horrek badu kosterik. Hori ere islatzen da filmean.
He shang de ai ping/Cry Me a River, berriz, film laburra da, hemeretzi minutukoa. Unibertsitatean ikasketak bukatu eta hamar urtera, lau lagun berriz elkartuko dira. Bi neska eta bi mutil dira, garai batean bi bikote osatu zituztenak. Elkarrekiko sentimenduak ez dira aldatu, baina hamar urte ez dira alferrik pasatu eta ezer ez da berdin.
Jia Zhang Ke-ren bi filmok Zinemaldian ikusteko azken aukera gaur izango da, 16.00an, Kursaaleko kubo handian.
Joan Chen: "Txina oso azkar aldatzen ari da eta aldaketa hori islatzen da filmean"
M.A.