"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Gertatu zaienek esan ohi dute hurbileko norbait desagertzen denean ezjakintasuna baino hobea izaten dela askotan heriotzaren ziurtasuna, besterik ez bada ere hilobi batera bisita egin ahal izatea. Desagertzen direnak linbo moduko toki/eztoki batera doazela ematen du, eta beti geldituko dira zalantza ikaragarriak: bere borondatez desagertu zen edo norbaitek desagerrarazi ote zuen, ongi egonen den, desagerpenaren errua norena izan zen… Galdera hauek etengabe torturatzen omen dituzte desagertutako jendearen familiartekoak eta lagunak, eta batzuetan ez da erraza izaten zama hori eramatea.
Unspoken filmean bost urte lehenago desagertu zen neska gazte baten gurasoek pairatzen duten sufrimendua kontatzen du Fien Troch zuzendariak. Dirudienez, bost urte horietan normal-tasunera itzuli da bikotea, baina bat-batean zenbait gauza bitxi gertatuko dira, esate baterako denbora horretan guztian ikusi ez duten alabaren lagun baten bisita, eta zalantza guztiak itzuliko dira. Aitaren portaera gero eta arraroagoa izanen da eta azkenean gaztearen desagerpenaren obsesioak bizimodu arrunta eramatea eta eguneroko arazoen kudeaketa galaraziko dizkio.
Zuzendariak oso modu zehatzean deskribatzen du bikotearen gainbehera eta nolabaiteko enpatia sortarazten du ikuslearengan. Beharbada ez da beharrezkoa pelikula bat ikustea maite den pertsona bat inolako azalpenik desagertzeak zeinen gogorra izan behar duen irudikatzeko, baina hemen oso argi geratzen da horrelako egoera batek sor dezakeen desoreka emozionala. Ikaragarria da emakumeak sexu eraso bat jasatera doanean erakusten duen erreakzio falta, alaba galdu ondoren gerta litekeen edozein gauza garrantzirik gabekoa balitz bezala, zigorren bat merezi duela pentsatuko balu bezala. Hilda dagoela jakinen balute sikiera gurasoek ere nolabaiteko atsedena hartu ahal izanen lukete; orain berriz ez dakite kale kantoi batean bere burua prostituitzen dabilen, psikopataren baten menpe dagoen edo, besterik gabe, maite ez zuen familia batengandik ihes egin duen.
Seme-alabaren bat hiltzen edo desagertzen denean gurasoen arteko harremanak oso zailak bihurtzen direla esan ohi dute espezialistek, maiz dibortziora iritsiz. Fien Troch-en pelikulan zailtasun hori ere oso agerian geratzen da, nahiz eta bukaeran Edward Hopper-en margo bat izan litekeen irudi eder bat erakutsi.
M.B.