Ai no corrida (1976) drama erotiko entzutetsuaren sexu eszena esplizituekin Cannes osoa ahoa bete hortz utzi aurretik, film interesgarri anitz errodatu zituen Nagisha Oshima zinemagile japoniarrak. (1960) garratzean yakuza-ren unibertso gupidagabean murgildu zen bete-betean Oshima polemikoa; Olatu Berri japoniarraren egilerik adierazgarriena bihurtuz.
Osakako auzune txiroenean dago girotua istorioa. Txabolez jositako paisaia post-apokaliptiko eta lohi horretan yakuza taldeen legea da nagusi. Hanako basatia da simaurtegi kirasdun horretako lorerik ederrena, ezbairik gabe. Lore pozoitsua, baina. Pobreei erositako odola industria kosmetikoari saltzen baitio Hanakok. Gauero, aldiz, bere gorputz polita salgai jartzen du auzuneko kalerik ilunenetan.
Hanpako hiru talde ezberdin daude auzunean. Agitatzailea –eskuin muturreko eroa bera– da yakuza talde beteranoenaren buru, eta portuko langileen jaiotzaagiriak saltzen dizkie alproja horrek legez kanpoko etorkin korearrei. Shin gazte doilorra, berriz, talde arriskutsuenaren buru da. Prostituzioa eta lapurreta ditu ogibide eta Ohama makurraren taldea urduri jartzea lortuko du. Bidegurutze horretan, ostera, ezin hobeto moldatzen da Hanako femme fatale erakargarria.
Bortitza, odoltsua eta gordina da oso Taiyo no hakaba (1960) filma. Shin ankerraren yakuza taldeko kide berriak, Takeshi sentiberak, soil-soilik gozatzen du gizatasun apur batez, ukitu etikoaz, pelikularen arima erraustua. Bera da ere Hanako sentsualaren bihotza samurtzen duen bakarra. Erromantizismo une iragankorra besterik ez da, baina. Oshimak ez baitu pertsonaiekiko identifikaziorik onartzen. Plano luzeak kateatzeaz gainera, Bresson-en uztako urruntzea baliatzen baitu efektu dramatiko oro suntsitzeko.
Sexu eta biolentziaz zipriztindutako auzune hori Japoniaren beraren metafora da, egiazki. Gerra osteko nipondar gizartearen kritika sozial eta politiko zorrotza egiteaz gainera, japoniar herriaren krisi morala ere gogor salatzen baitu Oshimak bere filmik gordinenean. Finean, Oshimaren alegia odoltsuan gitarra espainiar baten lantupean pixkanaka-pixkanaka ehorzten ari diren eguzkia Japonia bera baino ez da.
Iñaki LAZKANO