Lehen laburmetraia, Razielen Itzulera Zabaltegin orain hamar urte erakutsi zuen. Aurten aldiz, Columba Palumbus. Uso basatia lanagatik Italian, Montelanicoko Arrivano i Corti zinemaldiaren X. edizioan lehen saria jaso du. New Yorkera abiatu zen 1998an zinea ikastera. Ordutik hona A dar ba kar, Belarra, Amuak eta Midori iraupen laburreko filmak egin ditu lagun artean eta era independentean, Donostian 1973an jaiotako Koldo Almandozek.
Kazetaritza ikasketak egin eta zinea hautatu zenuen, ordea. Nola eman zenituen lehen urratsak zinemagintzan?
Lan irtenbide bezala aukeratu nuen kazetaritza.Kanpora zinema ikastera joan eta han egindako lana Zarautzen antolatzen zen hizkuntz gutxituen zine jaialdira bidaltzeko asmotan ginen, baina hura desagertuta zegoenez Donostiako Zinemaldiak Zabaltegin hartu zuen. Hura gertatu ez balitz? Ba, egia esan,ez dakit zer gertatu izango zen. Zabaltegin erakutsi ondoren pelikulak abiadura hartu zuen eta zirkuituan sartu.
Egin duzun lanari erreparatuz badirudi iraupen laburreko filmak egiten sentitzen zarela erosoago. Film luzerik egiteko asmorik ez omen duzu. Zergatik?
Uste dut izaera kontua ere badela, ez daukat pazientziarik, pasiorik,edo talenturik,ez dakit zer den, baina ez dut film luze bat egiteko behar den hori. Nire lana talde txikian, ezaguna den taldearekin eta modu independentean izaten da.Tarteka,beste horrelako lanak egitea tokatu zaidanean, ez naiz batere moldatu. Luzemetraiak gustatzen zaizkit,baina bururatzen zaizkidan istorioak kontatzeko laburmetraiekin eroso sentitzen naiz. Niri akzioa gustatzen zait eta ezingo nuke urteak pasa proiektu bat garatzeko.
Nola da posible istorio bat lau minututan kontatzea,azkeneko lanean egin duzun bezala?
Istorio horrek ez du gehiago behar. Istorio batzuk merezi dute luzean kontatzea, beste batzuk ez. Formatu laburrak gauza asko iradokitzen ditu, irekia uzten du eta hori gustatzen zait.
Epaimahaiko bezala zer eskatzen diozu pelikula bati?
Zinemagile berri bati eskatuko nioke arriskua, koherentzia, proposamen berritzailea... Arriskuak eta desafioak hartzea, batez ere. Askotan politikoki zuzena ere ez izatea, gaur egun geroz eta zailagoa dena, hainbat gai taburekin ere ausartzea. Zinean, azken aldian, hori gertatzen ari da, oso zuzendari berri gutxik jotzen dute desafioak hartzera eta zinemagintzan bide berriak bilatzera.
Festibaletan eskarmentu handia duzu, zinemagintzari zer eskaintzen diote festibalek?
Nire kasuan, laburmetraigintzan,zinemaldien presentzia hil ala bizikoa da, ez baitago hori erakusteko beste zirkuiturik. Festibalen zirkuitua betidanik gustatu zait, behar bada nire lanek festibaletan gune komertzialetan baino arrakasta handigoa badutelako. Irabaztea osperako eta diru sarrera bezala oso ondo dago, baina gero egiten duzun horretan sinetsi behar duzu.
Zer da zuretzat Zinemaldiko epaimahaiko izatea?
Egia esanda, ez dakit ondo zergatik hautatu nauten. Deiak harritu ninduen eta pentsatzeko denbora eskatu nien, zinemaldi batzuetatik deitu izan nautenean ezezkoa eman dudalako. Esperientzia interesgarria da, eta behin eskainiko eta ezin nuen ezezkorik eman!
Erraza al da besteen lana baloratzea eta juzgatzea?
Besteen lana oso erraz juzgatzen eta kritikatzen dugu zinean bereziki eta lanean jartzen zarenean ikusten duzu zein zaila den bi plano elkarrekin juntatu eta horrek emaitza ona ematea, eta aktore bati atera beharrekoa ateratzea eta lanarekin gustura geratzea. Argi dago kritika beharrezkoa dela, baina askotan oso arin kritikatzen da, jakin gabe zein zaila den teknika menderatzea.
Zaila behar du izan zerbait berria egitea, aurretik egin ez dena?
Bai, baina askotan jende askok horretan egiten du akatsa, beti hain berritzaile den zerbait egin behar horretan igual hanka sartzen du eta guztioi eragingo digun istorio bat egin behar da; kontatzeko modu berriak bilatu eta gero ausarta izan. Nik hori bilatzen dut eta gai batzuk badira modu batean ukitu daitezkeenak bakarrik; politikoki zuzenak direnak, tratu txarrak, pedofilia,... Gai horiek gai sozialeko ukituko pelikuletan eta normalean nolabaiteko “moralina” kutsuarekin jorratzen dira. Moral hori eztabaidan jartzen denean, berriz, kritika zorrotzak jasotzen ditu. Nire ustez, bide horretatik gauza berriak egiteko aukera bada, gaiak era ez hain moralean edo politiko zuzenean aurkezteko.
Zein duzu hurrengo proiektua. Zertan ari zara lanean?
Aspaldidanik lantzen ari naizen istorio batekin ari naiz, formatu laburra izango du, dokumental faltsu bat da eta zinearekin du zerikusia. Zinemari buruzko hausnarketa da. Bestetik maitasun istorio laburrak ari naiz biltzen eta filmatzen. Ez dakidana da horrekin zer egingo dudan.
Finantziazioa nondik lortzen duzu?
Azkeneko bi urtetan Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso dugu, baina nik ez dut pazientziarik proiektu bat idatzi,aurkeztu, eta laguntzaren zain egoteko. Horregatik nire proiektuak oso alternatiboak dira. Sariak jasotzeak horrek ahalbideratzen du, baina beti ere oso proiektu xumeak direlako.
"Zineak ez du zergatik politikoki zuzena izan behar"
"Zinemaldien presentzia hil ala bizikoa da film laburrentzat"
Lupe CALVO