"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Gehienok harritu egin gara inoiz haurrak eta gazteak zeinen krudelak izan daitezkeen ohartzean; gainera askotan beraiek ere ez dira konturatzen nolako kaltea egin dezaketen. Beste alde batetik, oso bitxia da nola egiten diren –edo nola galtzen diren– adiskideak nerabezaroan, hain zailak eta aldi berean hain erakargarriak diren urte horietan. Arno Dierickx zuzendariak gazte batzuen arteko harremanak ikertzen ditu bere lehenengo pelikulan, eta baita ere beren familiekin eta inguruko munduarekin duten tratua.
Bloedbroeders-ek gazte mota desberdinak erakusten dizkigu, baina bi taldetan bana genitzake, harroak eta hauen harrotasuna miresten dutenak. Hemen bi anaia aberatsak dira harroenak, jakina baita diruak beste deusek baino harro gehiago sortzen dituela, baina ez dira bakarrak: arauak hautsi eta lapurretan ibili den mutila ere harro samarra da, nahiz eta kasu honetan harrotasuna hainbat gabezia estaltzeko erabiltzen duela susmatu daitekeen. Eta harroputz hauen ondoan, aberastasunaren distirak erakarrita batu zaien gizagaixoa, beste familia bat aurkitu duela uste duen inozoa.
Azken urteetan dexente hitz egin da gaztetxoen arteko bortizkeriaz. Arno Dierickx-en filma hirurogeietan-edo dago kokatua, jazz eta rock doinuek lagunduta, baina gazteen nortasunari dagozkien gauza asko ez dira kasik aldatu bolada luze honetan. Talde guztietan bezalaxe, lau gazte hauen artean botere-harremanak sortuko dira, eta horixe da, hain zuzen, filmak hobekien islatzen duena. Hasieratik jakinen dugu norbait hilko dela, baina heriotz hori ez da garrantzitsuena; gazteen arteko botere-harremanak da hemen inporta dena, nork agintzen duen, nork obeditzen duen eta zergatik jokatzen duten egiten duten bezala.
Askotan aipatzen ez bada ere, aktoreen lana bezain inportantea da filme honetan casting-lana. Izan ere, pelikulako aktoreak aukeratu dituztenek bete-betean asmatu dute. Pertsonaiak guztiz sinesgarriak dira aktore gazte hauen lanari esker, eta momentu batzuetan beldurra ematera ere iristen dira. Egia da bukaera pelikula amaitu baino askoz lehenago aurreikus daitekeela, baina horrek ez du inolako garrantzirik, eta, gainera, istorioaren bilakaeraren ondorio lojikoa da.
Pelikula oinarritzen den istorio errealean hiltzaileak harrapatu eta zigortu egin zituzten. Ongi egonen litzateke kartzelatik atera ondoren beren barnean begiratu ahal izatea krimenak jendearen gogoan uzten dituen arrastoak nolakoak diren eta harrokeria txikiagotu, edo, alderantziz, handitu egiten duen jakitearren.
M.B.