"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinema iraniarraren aurrean muturreko bi jarrera topatzen ditugu askotan, edo, hobeki esanda, bi aurriritzi, pelikula bat besterik gabe iraniarra izateagatik gorrotatzen dutenena edo horrexegatik maite dutenena. Egia da zinemaldietatik kanpo zine iraniar askorik ez dela iristen gure pantailetara, baina film pare bat baino gehiago ikusi duen edozeinek badaki, exotikoa izanagatik ere, zinema iraniarrak gai bat baino gehiago jorratzen duela, zuzendari eta estilo ugari daudela eta gehienak ez ditugula ezagutu ere egiten, barne-kontsumorako baitira. Hala eta guztiz ere, gehiago edo gutxiago gustatuta, Mendebaldera iristen diren ekoizpen gehienei kalitatea aitortu behar zaie orokorrean, eta, era berean, Abbas Kiarostamirengandik haruntzago doan zinematografia baten meritua azpimarratu.
Majid Majidi zinegile aritua da, Donostian ezagun egin zena, eta Avaze Gonjeshk-ha (The Song of Sparrows) honetan herrialdearen marka den kaleko istorio batekin etorri zaigu oraingoan. Izan ere, pelikula iraniar gehienetan kaleko herritar arruntak izaten dira protagonista, eta hemen ere hala gertatzen da. Karimek ostruka granja batean egiten du lan. Haietako batek alde egiten duen egunean kaleratu eginen dute eta orduan beste bizimodu baten bila hasi beharko du. Dirua behar du gainera, alabak entzuteko behar duen aparatua erori eta hondatu egin baita, eta azterketak egiteko berria beharko du. Orduan ia kasualitatez aterako zaio lan berria: bera motorrez mugitzen da hirian eta laster aterako zaizkio hirian barrena mugitzeko garraiobide azkarra behar duten bezeroak. Dirua aterako du, bai, batzutan uste baino gehiago, baina horrek ez du esan nahi arazo guztiak bukatu direnik. Eta gainera ostrukak ezin izanen ditu burutik kendu.
Bati baino gehiagori sinpleegia irudituko zaio hemen kontatzen den istorioa, baina nire ustez sinpletasun hori da hain zuzen Mendebaldeko ikusle asko txunditzen gaituena, erakartzen gaituena. Iraniarrek behin eta berriro esaten digute istorio bat kontatzeko ez dela su artifizial gehiegi behar, nahikoak direla pertsonaia eta egoera sinesgarriak. Hemen ez dugu efektu berezirik topatuko, ezta aparteko bitartekorik, eta hala ere benetako istorio bat kontatu digutela sentitzen dugu zinearetotik ateratzean. Ez da gutxi, eta zinemaldiei eskerrak eman beharko genizkieke beren sinpletasunean benetako harribitxiak diren film hauek guregana ekartzeagatik.
M.B.