"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Ez dago pertsonaia zoriontsurik filme honetan, denak kondenaturik daudela ematen du: langabea, sendatzerik ez duen gaisoa, hau zaindu behar duen ama, jubilatua eta harekin bizi den alaba... Denek sufritzen dute, ezin dute nahi dutena lortu, beren egoera txarrak baldintzatu egiten di-tu besteekiko harremanak, eta haietako batek nolabait zoriontsua izateko aukera txikiren bat baldin bazuen, besteek hondatuko diote. Itxaropenik gabeko mundu bat da Tiago Guedesek eta Frederico Serrak aurkezten digutena, mundu gogor eta anker bat, eta horregatik guztiz sinesgarria. Gainera, beren dramatikotasunean, izugarria da nolako naturaltasunaz interpretatzen dituzte aktoreek beren paperak, eta seguro aski horretan meritu handia du zuzendarien lanak.
Paulo lanetik botatzen duten egunean hasiko da berarentzat amesgaiztoa. Langabezian gero eta zailagoa izanen da emaztearekiko harremana eta diru faltak beren bizimodua eta beren portaera baldintzatuko ditu. Familiaren aldetik ere ez du laguntza handirik jasoko. Etxetik kanpo ere ez du lan erraza Belak: erizaina daeta asko geratzen ez zaion gaiso batez arduratzen da. Gaisoaren amak ere ikaragarri sufritzen du, bere semearen heriotza desiratzeko mugaraino. Azkenean, harremanak hainbeste usteltzen direnean, bortizkeria agertuko da.
Guztiz film errealista da Entre os dedos, errealistegia beharbada, eta gainera zuribeltzean errodatua izateak are nabariago egiten du errealismo hori, baina ezin modu zehatzagoan ematen du gaur egungo bizimoduak dituen zailtasunen eta giza-harremanen konplexutasunaren berri. Pertsonaien hizkuntza, portugesa, alde batera utziko bagenu, pelikula hau ia munduko edozein bazterretan egon zitekeen egina, eta globaltasun horrek erakargarriago egiten du filma, nahiz eta, bere gogortasuna dela-eta, ikusteko erraza ez izan.
Globaltasunaz eta globalizazioaz ari garelarik, kontraesan nabarmen bat dago mota honetako istorioek duten unibertsaltasunaren eta guregana iristeko dituzten zailtasunen artean. Batzuetan ematen du globalizazioak produktu guztiei eragiten diela, kultur ekoizpenari izan ezik.
M.B.