"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Pelikulka batzuk ikustean ohartu egiten gara bereziki zer den funtsezkoena zinea egiteko: istorio erakargarri bat, hau da, gidoi on bat (inoiz ager daiteke inprobisazioaren maisu bat, baina ez da oso ohikoa), eta istorioa modu sinesgarrian kontatzeko gai diren aktoreak. Gainerakoa, efektu bereziak, dekoratuak, jantziak, argiak eta abar ongi egon daitezke filmari laguntzen dioten neurrian, baina ez dira ezinbestekoak.
Beste alde batetik, esan genezake mendeetan zehar gizateria istorio berberak kontatu dituela behin eta berriro, ñabardurekin, hori bai, eta hemen ñabardurak oso garrantzitsuak izan daitezke. Maitasunaren gorabeherak, bikote-harremanak, sexua, asperdura, amodioaren bukaera, gorrotoa, mendekua… Idazle ezagun bati galdetu omen zioten zer gai aukeratu zitekeen eleberri bat idazteko eta hona egile ospetsuaren erantzuna: gizon batek eta emakume batek elkar maite dute, hor duzue hamaika aukera eskaintzen duen eta sekula agortzen ez den gaia. Eta hala da, jakina, baina nolabaiteko dohainak behar dira istorio hori erakargarri egiteko.
Horixe da Simon Staho zuzendariak pelikula honetan egin duena, maitasunari buruzko istorio bat, nahasten diren bi bikoteren istorioak, hobeki esanda, modu erakargarrian kontatu, eta horretarako ez du bitarteko handirik behar izan. Aktoreak eta hitza nahikoak zaizkio kontatu nahi duena adierazteko, bukaezinak diruditen amodioek ere bukaera izan dezaketela, ia ezer ez dela bizi guztirako, egonkorra dirudien bizimodua momentu batean aldatu eta korapilatu daitekeela. Aktoreak eta hitza aipatu ditut, eta ikusleak ahaztu zaizkit. Ikusleak garrantzi handikoak izaten dira, bestela ez bailegoke zinemarik ere, baina kasu honetan zulo batetik begiratzen ariko bailiran senti daitezke, arazo pribatu batean kuxkuseatzen ariko bailiran. Eta gainera ikusten dutena, entzuten dutena, beren bizitzekin, beren bikote-harremanekin parekatu dezakete.
Filmaren hasieran ongi moldatzen diren bi bikote ikusten ditugu Heaven’s Heart honetan. Adiskideak dira eta elkarrekin afaldu ohi dute. Afari horietako batean amorante batekin oheratzen den lankide baten kasua aipatuko du pertsonaietako batek eta, tximeleta efektu bereziren bat martxan jarri balitz bezala, itxuraz garrantzirik ez duen zurrumurruak hankaz gora jarriko ditu bi bikoteen harremanak. Hori bai, kasu honetan esan liteke dena familiaren barnean geratuko dela.
Jende guztiarentzat hain hurbilekoak diren gaiak jorratzeak arrisku nabarmen bat izan dezake, aspergarria izatea alegia, baina hemen ez da halakorik gertatzen; aitzitik, guztiz erakargarriak dira istorio gurutzatu hauek, eta gainera berriro ere geratzen da agerian ez dela bitarteko material askorik behar istorio interesagarri bat kontatzeko.
M.B.