"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Hamasei urteko neskatoa da Blanca, bere amarekin Marseillan bizi dena. Korri egitea baino ez du xede, eta maratoietan parte hartzea amets. Julio Nieves, berriz, jubilatzear dagoen langilea da. Vallecasen bizi da, bakar-bakarrik. Bat-batean, Blanca ere bakarrik geratu da, bere ama lan istripuz hil delako. Paper zaharren artean aurkitu du inoiz ezagutu ez duen aitaren helbide bat. Hara joan da eta, aitaren ordez, Nievesekin egin du topo. Bi bakardade elkarren ondoan jarrita, elkarri konpainia egiteko moduan egongo ote? Errealitatean eragiteko zein dira borondate onaren mugak? Hauek dira Gabriel Velázquezek (Salamanca, 1968) Amateurs-en plazaratzen dituen galdera posibleetatik bi.
“Blanca Torres eta biok aspaldi hasi ginen gidoia idazten –esan du Velázquezek–. Gezurra badirudi ere, hasieran komedia bat egiteko asmoa genuen, komedia soziala. Halako batean, baina, Chema de la Peñarekin batean Sud Express filmatu nuen, eta proiektu horrek errotik aldatu zituen ordura arte zinemari buruz nituen ideiak. Geroztik, alde soziala ez baizik eta alde humanoa da gehienbat axola zaidana. Horren ondorioz, gure proiektua drama humano bihurtu genuen”.
Maitasun beharrean diren bi pertsonen bizitzak gurutzatzen dira. Hori da filmaren abiapuntua. Abiapuntu horrekin, melodrama edo, aldiz, tragedia latza egin zezakeen Velázquezek. Alabaina, Amateurs ez da inoiz dramaren mugetatik ateratzen.
“Gidoia arrisku handikoa zen –ohartarazi du zuzendariak–; sinisgarritasuna zen giltzarria. Horretarako, aktore protagonistekin asmatu beharra zegoen; bete-betean asmatu nuela uste dut eta, horri esker, istorio orekatu eta, azken batean, berezia da”.
Emilie de Preissac-ek egiten ditu neska protagonistarenak. Gaztea izan arren, Emiliek badu eskarmenturik. Nievesenak egiten dituena, berriz, Paco Luque, aktorea ere ez da. Vallecasen “deskubritu” zuen Velázquezek: “Adineko gizon batzuk petankan eta tutean ari ziren parke batean –gogoratu du–. Horietako bati, Pacori, alegia, begira-begira geratu nintzaion. Halako batean, altxa eta modu zakarrean kargu hartu zidan. Zeharo beldurtuta nengoen, baina une hartan bertan froga bat egiteko proposatzera ausartu nintzen”.
Amateurs-en islatzen diren giroak gordin-gordinak dira, beharbada proiektuak hasieran izan zuen joera sozialaren oinordeko. “Lokalizazioak erabakigarriak dira nire lanean, beste pertsonaia bat balira bezala lantzen ditut. Filmaren protagonistak barrutik hautsita daude, eta lokalizazioek ere haustura horren berri ematen dute”, argitu du Velázquezek.
M.A.