"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Amos Gitai errealizadorea Haifa-n (Israel) jaio zen 1950ean. Arkitektura ikasten ari zela, aitaren urratsei jarraituta, ikasketak eten behar izan zituen Yom Kippurreko gerragatik. Helikopteroan egiten zituen misioetan Super-8 kamara erabili ondoren sortu zitzaion zinema zuzendaria izateko grina.
Israelen bertan zein Estatu Batuetan eta Frantzian Gitaik lan corpus bikaina garatu zuen, anitza eta oso pertsonala gainera. 40 film inguru egin ditu dokumentalen eta fikziozko lanen artean, eta horien bitartez Ekialde Ertaineko eta haratagoko historiaren atal ezberdinak aztertu ditu, bere historia tartean sartuta, hainbat gai landuz: aberria eta erbestea, erlijioa, gizartearen gaineko kontrola eta utopia. Zuzendariaren estilo bereziaren ezaugarri dira hartualdi luzeak eta kamera mugimendu eskas baina nabarmenak, eta nola ez, umore zorrotza.
70eko hamarkadaren amaieran eta 80ko hamarkadaren hasieran hainbat dokumental zuzendu zituen; horien artean dago Yoman Sadeh (House and Field Diary, 1982). Garai hartan bertan California-Berkeley unibertsitateak arkitekturan doktore egin zuen Gitai. Field Diary lanak harrera polemikoa izan ondoren 1983an Parisera joan zen bizitzera eta han egon zen hamar urtez, betiere bidaiatzeari eta dokumentalak egiteari utzi gabe. Orduan eginiko lanen artean daude Berlin Jerusalem (1989), Venezian kritikaren saria jaso zuena, eta judutar kondairari buruzko Golem (1991-1993) trilogia.
90eko hamarkadaren erdialdean Gitai Haifara joan zen berriz. 10 urtetan 15 bat film egin zituen dokumentalen eta fikziozko lanen artean. Devarim (1995) izan zen herrialderako itzulera eta Tel Aviveko argiarekin eta paisaiarekin berraurkitzea markatu zuen lana. Devarim, Israelgo hiriei buruz egin zuen trilogiako lehen filmaren ondoren Haifan errodaturiko Yom Yom eta Kadosh etorri ziren (azkena Jerusalemgo judutar ortodoxoen Mea Shearim barrutian filmatu zuen).
Jatorrizko herrialdera itzultzeak berekin ekarri zuen zuzendariaren historia pertsonalerako itzulera: Gitaik Kippur (2000) zuzendu zuen, gerrako oroitzapenetan oinarrituriko filma. Ondoren Eden (2001) eta Kedma (2002) egin zituen, Israelgo Estatua sortu zeneko garaiak gogora ekartzen dizkigutenak, haren jatorria eta oinarri historiko eta ideologikoak erakusteko. Alila (2003), Promised Land (2004) eta Free Zone (2005) lanek herrialdearen eta eskualde osoaren gaur egungo egoera erakusten digute. News from Home/News from House (2006), Désengagement (2007) eta Plus tard dira egin dituen azken filmak.
"Zinemagile gazteen lanak ikustea erronka izugarria dela uste dut: zerk inspiratzen dituen, zerk pizten dien lan egiteko grina, zerk barre edo negar eginarazten dien."
Amos Gitai