"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Orain berrogeita bost urtetik gora dugun guztiok oso ongi gogoratzen gara duela hogeitazazpi urte Ipar Irlandan gertatutakoaz: IRAko presoen gose greba eta Bobby Sands eta beste lagun batzuen heriotza. Gertakari haien inguruan eta Ipar Irlandako egoeraz orokorrean pelikula bat baino gehiago egin dira, oso mota desberdinetakoak, eta honek ez du zerikusi handirik gainerakoekin. Esan genezake Steve McQueen-en Hunger honen ezaugarri azpimarragarriena hurbiltasuna dela, arreta guztia borroka azken muturreraino eramatea erabaki duen pertsonarengan jarri nahi izan balu bezala, kanpoan gertatzen den ia guztia alde batera utzita. Alde horretatik emaitza nahikoa klaustrofobikoa da, kartzelaren zikinkeria, kiratsa eta bortizkeria oso barnean senti baititzakegu, eta, beste alde batetik, gauzak horren hurbiletik ikusita, inoiz baino argiago geratzen da, egin duena egin duela, bere burua demokratikotzat duen Estatu batek ezin duela gizaki bat, pertsona bat, pizti bat bailitzan tratatu. Tamalez, badakigu hala egin zutela seguritate handiko espetxeetan, eta seguro aski antzera segituko dutela munduko herrialde askotan.
Errealismoa da, beraz, Hunger honetan begibistako lehenengo ezaugarria. Gertakariak oso ezagunak dira, eta hortaz filmak ez du preso errepublikanoen gose greba bultzatu zuten arrazoiak azaltzen ibili behar. Ipar Irlandako gatazkaren inguruan egin den pelikula gordinenetako bat dela ere esan genezake; beste batzuk manikeoagoak ziren, nolabaiteko sostengua bilatuko balute bezala, baina hemen ez dugu militante politikoa ikusten, gizaki bat baizik, bere erresistentziaren mugaraino iritsi den gizaki txikitua, txikitua baina ez umiliatua. Egia esan, lehendabiziko minutuak pasata, ikuslea ahaztu egiten da aurrean Bobby Sands duela eta nolabaiteko duintasunari eusteagatik hiltzera doan pertsona bat baizik ez du ikusten. Irudi batean kotxearen azpian begiratzen duen kartzelako funtzionaria azaltzen da, baina oso gutxi dira espetxetik kanpo ere borroka latz bat zegoela gogorarazten diguten detaileak.
Nonbaiten irakurri dut ikuspuntu epiko batetik kontatzen direla joanden mendeko larogeiko hamarkadaren hasieran mundua inarrosi zuten gertakari hauek, baina ez nago oso ados. Niretzat epikotasun gutxi dago McQueen-en pelikulan, eta bai ordea lirikotasun puntu bat. Egia da hainbat gauza oso modu gordinean islatzen direla, baina epika eta gordintasuna ez dira sinonimoak. Beharbada modurik eraginkorrena hautatu du Steve McQueen-ek Estatuaren ankerkeria salatzeko eta gatazka guztietako biktimekiko nolabaiteko elkartasun sentimendu bat pizteko. Niri, pelikula ikusten ari nintzela, Hertzainak taldearen kantaren “ez dute uzten maitatzen gauean” leloa etortzen zitzaidan burura etengabe.
M.B.