"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Euskal Zinemaren Eguna irailak 24an ospatuko da. Bertan hamaika film luze, eta bi saiotan banatuko diren hamazazpi film labur ikusi ahal izango dira. Príncipe zinema aretoek hartuko dute Euskadin egindako azken produkzioak sustatzeko eta erakusteko helburua duen sail hau eta, besteak beste, animazioa, fikzioa eta dokumentala, film laburrak eta historikoki garrantzitsua izan den Ama Lur filma erakutsiko dizkio ikuslegoari.
Aurten, Euskal Zinemaren Eguna indartzen duen atal berria zabalduko da. Estreinaldiak sekzioak, beste urte batzuetan ez bezala, lehen aldiz Zinemaldian bertan emango diren lau film luze ikusteko aukera eskainiko du. Gorka Merchán zuzendariak La casa de mi padre filma aurkeztuko du, eta hau izango da Príncipe zinematik irtengo den film bakarra, Victoria Eugenia Antzokian eta Antiguo Berrin ikusteko aukera ere egongo baita. Gainontzeko hiru filmak honako hauek dira: Juan Miguel Gutiérrezen Motema na ngai (Ene bihotza!), Pavel Girouden Omertà Cuba eta Euskadiren arteko koprodukzioa, eta Lurdes Bañuelosen Vivir con las botas puestas. Euskal zinemari eskainitako sail honen Informatiboa atala zazpi emanaldik osatuko dute. Horietatik sei duela gutxi estreinatu diren film luzeak dira: Joseba Iñaki Agirre Errazkinen Haizea eta Sustraiak, Candela Figueira eta Maitane Muruzabalen Nevando voy, Nacho Vigalondoren Los cronocrímenes, Alberto Moraisen Un lugar en el cine, Egoitz Rodríguezen Betizu eta urrezko zintzarria eta Pedro Riveroren La crisis carnívora.
Atal Informatiboa osatzen duen zazpigarren filma Nestor Basterretxea eta Fernando Larruquerten Ama Lur da, 1968ko Donostiako Zinemaldian Victoria Eugenia Antzokian estreinatu zena. Askok euskal zinemaren lehenengo film modernotzat hartzen duten honek garaiko zentsurak eragindako oztopo asko gainditu behar izan zituen zinemara iritsi aurretik. Irailaren 24an 60ko hamarraldian aitzindari izan zen filmaren bideo emanaldia egingo da Príncipen. Honetaz gain, Ama Lur filmaren 40. urteurrenean, bere bi zuzendariek IBAIA saria jasoko dute. Sari honek ikus-entzunezko ekoizpen edota ekimen bat saritzen du urtero.
Kimuak eta sariak
Film laburrak deituriko atalak osotuko du egun berezi honen eskaintza. Batetik, 2007ko Kimuak katalogoko zortzi film laburrak emango dira, azken urtean nazioartean hainbat sari garrantzitsu lortu dituztenak. Bestetik, 2008ko film laburren atalean, Euskadin azkenaldian egindako bederatzi film labur izango dira. Egun hau gertuko zinemaren erakusleiho izateaz gain, sektoreko profesionalentzat topaleku ere bada. Honela, garrantzi berezia dute aipatutako IBAIA sariak, eta baita Euskal Herriko ikus-entzunezkoen arloko pertsona garrantzitsu baten ibilbidea goresten duen Amalur sariak ere. Aurten Mariví Bilbao aktoreak bereganatuko du sari hau.
I. O.