Laberinto de pasiones (Pedro Almodóvar, 1982) filmean usaimen paregabea duen islamiarraren rola egin zuen Málagako mutiko lotsati eta isila, gaur egun nazioarteko izarrik handienetakoa da. Banderasek, gainera, ateak ireki dizkio ondoren etorri den espainiar aktoreen belaunaldiari, eta orain arrakasta dute mundu osoan.
Antonio Banderas 1960an jaio zen Málagan. Bokazioa argi zuen eta laster hasi zen Antzezpen Eskolan ikasten eta antzerki talde independenteetan lan egiten. 80ko hamarkadaren hasieran Madrilera joan zen bizitzera Pedro Almodóvar zuzendariak rol txiki bat eman baitzion bere bigarren filmean, Laberinto de pasiones. Banderasek, langile nekagaitza izaki, Almodóvarren Matador (1986), La ley del deseo (1987), Mujeres al borde de un ataque de nervios (1988) eta ¡Átame! filmetan antzezteaz gain (1988) beste proiektu batzuetan egin zuen lan aldi berean, eta horri esker bere beste ezaugarri batzuk ikusi ahal izan genituen: alderdi komikoa La corte de Faraón (José Luis García Sánchez, 1985) filmean eta dramatikoa Réquiem por un campesino español (Francisco Betriú, 1985) edo 27 horas (27 ordu, Montxo Armendariz, 1986) lanetan. Bigarren mailako rol garrantzitsu horien ondoren rol protagonistak etorri ziren, honako film hauetan: La blanca paloma (Juan Miñón, 1989), Aktore Onenaren saria Valladolideko jaialdian, Si te dicen que caí (Vicente Aranda, 1989), Bajarse al moro (Fernando Colomo, 1989) eta Contra el viento (Paco Periñán, 1990). Eta Espainiako zineman lan egiten jarraitu zuen Ameriketako Estatu Batuetatik deitu zuten arte, Almodóvarren filmetan eginiko antzezpenekin atentzioa eman baitzuen nazioartean. Ondorioz, The Mambo Kings (Arne Glimcher, 1992) filmean Castillo anaietako baten rola antzeztu zuen eta geroago Carlos Saurarentzat lan egin zuen ¡Dispara! (1993) filmean.
Banderasek bere karrera Hollywooden sendotu nahi zuela erakutsi zuen laster eta rol oso ezberdinak egiteari ekin zion: The House of the Spirits ezagunean (Bille August, 1993), Philadelphian (Jonathan Demme, 1993) rol goraipatua egin zuen Tom Hanksekin batera, eta Interview with the Vampire: the Vampire Chronicles (Banpiroarekin elkarrizketa, Neil Jordan, 1994) filmean Tom Cruise eta Brad Pitt lankide izan zituen. Robert Rodriguez zuzendariak akzio zinemaren ateak ireki zizkion Desperadorekin (1995) eta ondoren Assassins (Richard Donner, 1995) egin zuen. 1995ean espainiar zuzendari baten eskuetan jarri zen berriro Two Much (Fernando Trueba) filmean eta errodajean Melanie Griffith aktorea ezagutu zuen; harekin ezkonduta dago 1996tik.
Hollywooden finkatuta zegoela bere karrerako rolik bikainenak eta, aldi berean, ospe handiena ekarri diotenak egin zituen: Che Guevararena Evita musikalean (Alan Parker, 1996), abesteko ere gai dela erakutsiz, eta Zorrorena The Mask of Zorro (Zorroren maskara, Martin Campbell, 1998) filmean, abentura-zinemaren pertsonaiarik ezagunenetako bat berrantzeztuz eta hari grazia eta bizitasun berria erantsiz. Film horrek, gainera, jarraipena izan zuen The Legend of Zorro (2005) lanarekin. Landu dituen beste genero batzuk abentura epikoa The 13th Warrior (John McTiernan, 1999); thrillera, Never Talk To Strangers (Peter Hall, 1995) eta Femme fatale (Brian de Palma, 2002); komedia, The White River Kid (Arne Glimcher, 1999); familia-zinema, Spy Kids sagarekin (Robert Rodriguez, 2001) eta drama erromantikoa, The Other Man (Richard Eyre, 2008) izan dira, besteak beste. Ez dago hark egin ez duen generorik, ez baitu gustuko genero bakar batean aritzea eta jendeak aurreiritzirik izatea. Horrez gain, bere ahotsa jarrita nortasun berezia eman dio egin duen beste pertsonaia garrantzitsuenetako bati, Shrek 2 (2004) eta Shrek the Third (2005) filmetako Botadun katuari, hain zuzen.
Banderasek arrakasta handia izan du, halaber, Broadwayeko antzerki musikalean Nine (2003) lanarekin. Horri esker aktore onenaren Tony sarirako izendatu zuten eta New Yorkeko kritikarien saria eta Drama Desk Award saria irabazi zituen. Bestalde, Urrezko Globoetarako proposaturiko lehenengo aktore espainiarra izan da, eta hiru aldiz izendatu dute, gainera, Evita (1996), The Mask of Zorro eta And Starring Pancho Villa as Himself (Bruce Beresford, 2003) telesailari esker. Horrez gain, Tony sarietarako eta Emmy sarietarako (And Starring Pancho Villa as Himself lanagatik) izendatu duten lehenengo aktore espainiarra da. Espainiako Zinema Akademiak Urrezko Domina eman zion Banderasi, eta Europako Zinema Akademiaren bi sari jaso ditu Zorroren maskara eta Crazy in Alabama lanengatik.
Baina aktore izateaz gain, abeslari eta ekoizlea ere bada, eta bi film zuzendu ditu; lan oso berritzaile eta pertsonalak biak. Crazy in Alabama (1999) eta El camino de los ingleses (2006). Azken lanaren zati bat bere jaioterrian, Málaga, filmatu zuen eta Label Europa Cinemas saria jaso zuen Berlineko zinema jaialdian.
Antonio Banderasek film ugari aurkeztu ditu Donostia Zinemaldian; horien artean daude La corte de Faraón (Zilarrezko Maskorra 1985ean), 27 horas (Zilarrezko Maskorra 1986an), Si te dicen que caí, Contra el viento, La máscara del Zorro eta Crazy in Alabama.